Síguenos en redes sociales:

Tokikoa taularatuz

Itzuli antzerki konpainia ‘Adriene Bergson-Johnson’ antzezlana taularatzen ari da herriz herri

Tokikoa taularatuzIñaki Rubio

Arteak gauza anitz suposa-tzen du ikuslearentzat, eta baita artistentzat ere. Maryse Urrutyren aburuz, Itzuli an-tzerki konpainiaren zuzendaria eta aktorea, arteak bizitza ezberdin ikusteko parada eskaintzen du, baita egunerokotasunetik ihes egiteko ere. Oraingoan, Urruty Adriene Bergson-Johnsonen paperean sartuko da izen bereko antzezlanean. 

Urrutyk azaldu duenez, protagonista Texasetik Euskal Herrira heldu da, herriaren ustezko errealitatea bere pertzepziotik aldentzen doan heinean: “Berarentzat Euskal Herria bat zen, Texaseko euskal etxeko paretek zazpiak bat zirela adierazten baitzuten; baina, iristean, Euskal Herrian paradoxa eta kontraesan anitz daudela konturatzen da”. Hala ere, pertsonaiaren umiltasun faltak zaila den egoera erraz konpondu daitekeela sinestarazten dio bere buruari. “Pertsonaia oso fantasiazkoa da eta honek umorea sortzen duela esango nuke”, gehitu du. 

Nahiz eta umorea jorratu, antzezlana stand-up faltsuaren kategoriaren sailka daiteke. Horretarako, TEDx Talks gisako formatua baliatu du; hau da, 15 minutuko hitzaldi bat non pertsona batek bere bizitzaren inguruko ikastaro labur bat eskaintzen duen; obra honetan, ordea, 50 minutukoa da ikastaroa. 

Hitzaldiaren hizkuntzaren nolakotasunari dagokionez, “neoliberala” dela hausnartu du, aterabide errazak proposatu eta komunikazioaren bidez edozer lor daitekeela esaten duten horietakoa. 

EUSKARATIK ETA EUSKARAZ

Konpainiak baliatzen duen hizkun-tza euskara da; izan ere, xedea euskaraz sortzea da. Horrez gain, obra originalak eskaintzea eta antzerkian ari-tzeko gogoak piztea ere sustatu nahi dute sortzaileek. Zuzendaria Parisen bizitzen izan zen garai baita, eta ikasketak ere bertan egin zituen, baina, euskararen falta nabari zuen. Gauzak horrela, hizkuntza berriro ikasteko eta mundu honetan murgiltzeko itzuli zen Euskal Herrira. Horrela jaio zen Itzuli. 

Urrutyk aipatu duenez, protagonista bera bezala euskaldun berria da, eta horrek babes gehigarri bat ematen dio inprobisazioan murgiltzen denean: “Inprobisazioan sartzen naizenean akatsen bat egiten badut, Adriene euskaldun berria delako erratu naizela dirudi, eta ez aktorearen akatsa”. Urrutik aitortu du beti izan da hizkuntza ondo ez menderatzearen eta akatsak egitearen beldur. Pentsamendu mugatzaile hori hedatua dagoenez, askok beste hizkuntza batean hitz egitera jotzen dute, akatsak ez egitearren. Hala ere, ikasteko “tronpatu” egin behar dela baieztatu du: “Oso gogorrak gara gure buruarekin erabateko bikaintasunaren bila gabiltzalako, halakorik egon ez arren”. 

Gaur egun ohikoa da euskararen erabileraren baita kulturaren inguruko adierazpen anitz entzutea. Itzuli konpainiak gaurkotasunezko gaiak jorratzen dituela jakinda, azken obra honek aipatutakoarekin zerikusia duela interpretatu daiteke, eta hala baieztatu du zuzendariak: “Euskal kultura larrialdian dagoela eta babesa behar duela uste dut, baina, aldi berean, bizirik dirauen zerbait dela kontuan hartu behar dugu”. Beste modu batean esanda, larritasun sentsazioari poztasuna eta plazera gehitu behar zaizkiola uste du, euskal kulturak aurrera jarraituko baitu. 

TXIKITIK ERE, AHAL DA

Zailtasunen aurrean, antzezlanaren mezu orokorra biribiltzen duen coaching sesio batekin bukatzen du emanaldia: “Publikoari Yes We Can [Bai ahal dugu] oihukatzeko esaten diot, nolabait euskaraz ahal dugula eta balio dugula esanez; kultura minorizatu bat gara baina badaukagu munduari zer ekarri”. 

Begirunea hizkuntza minorizatuan jartzeaz gain, errealitatearen inguruko pertzepzioaren inguruan mintzo du antzezlanak, horretarako protagonista Estatu Batuarra izango zela erabaki zuen Urrutyk: “Pertsonalki niri Estatu Batuak liluratzen nau, iruditzen zait bertatik datorren ikuspegi orokorra gurea bilakatu dela hein handi batean”. Adibide gisa New Yorkera bidaiatu zuenean hiria ezagutzen zuenaren sentsazioa eduki zuen, ezinezkoa izan arren. Gertatutakoa telesailekin, filmekin eta, oro har, “Botere Biguinarekin” lotu du, Madrilen ez baitzitzaion berdina gertatu. 

Minorizatuak eta desberdinak izan arren, Euskal Herria bat dela helarazi nahi du Adriene Bergson-Johnsonen bidez. Hasieran, Hego Euskal herrirako eta Ipar Euskal Herrirako bertsio ezberdinak egitea planteatu zuten, ikusle batzuk hainbat erreferentzia ulertu gabe geratuko zirelakoan. Azkenean, ideia alboratu eta bertsio bakarra sortu zuten, betiere erreferentziak ulertzeko moduan adieraziz. 

Antzezlana maiatzaren 11n estreinatu zuten Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdian, eta hortik aurrera jaso dituzten oharrak oso positiboak izan dira: “Jendea pozik ateratzen da eta uste dut ondo datorkiela umore politikoa egitea; azken finean, aukera gutxi eduki ditugu honetaz barre egiteko”. Umore honetaz gozatzeko aukera ugari egongo dira aurten: Makean uztailaren 17an, Ziburun azaroaren 21ean eta Baionan abenduaren 2an.