ATZIZKIA, hiztegiak dioenaren arabera, hitz baten erroaren atzean kokatzen den hizkia da eta, haren bitartez, hitz eratorri bat sortzen da, beste esanahi bat duena. Edozein hitz aldatu egiten da, hortaz, erroaren ondoan jartzen den hizki gutxi batzuekin, eta era berean, lagungarri ere egiten zaio. Hori da Jose Angel Lasarentzat eskultura. Atzizkiek beraien aberastasuna duten bezala, Lasaren obrek ere espazio eta leku desberdinak aberasten dituzte.

Ederra egiten zaio hizkuntza, atzizkiek erroarekin bat egiten dutenean. Ederra egiten zaio etxe inguruko natura eta beste hainbat bazter arakatzea ere, gero obra desberdinak egiteko erabiltzen dituen materialak deskubritu eta bizi berri bat emateko. Betidanik erabili izan ditu atzizkiak eskulturak izendatzeko. Ez da gauza berri bat berarentzat eta oraingoan ere estreinatu berri duen erakusketarako erabili duen zerbait da. Ez da museo batean aurkitzen, baizik eta berarentzat balio handia duen beste leku kutun batean. Sortzaile gipuzkoarrak Bermeoko Frantziskotarren klaustroa jantzi du 70 pieza desberdin inguru erabilita. 

Tamaina desberdinetako eta garai desberdinetako obrak aukeratu ditu n, -z, -tik, -rantz izenburupean osatutako sormen lan bildumarako. Erakusketa berezia da azken hau Lasarentzat, Legorretakoa bada ere, Bermeo bere egin duen herria baita. “Nik tailerra hemen daukat eta erakusketa bat egin nahi nuen. Herrian dagoen Nestor Basterretxea aretoan nekez ikusten nuen horrelako erakusketa bat egitea eta, batez ere, era honetako bat ezinezkoa litzateke”, azaldu du.

Aukeratutako tokian hasi aurretik beste nonbait ere ahalegindu zen bilduma jasotzen, baina klaustroa ezagutzen zuen bertara asko etor-tzen delako eta miresmen handia diolako. “Askotan egiten dut erosketetara jaitsi eta 5-10 minutu hemen pasatzea. Leku hau opari bat da”.

Hortaz, bere buruari erronka jarri zion hainbeste maite zuen tokian zerbait egiteko. “Fraide frantziskotarrei galdetu nien lehendabizi eta ez zuten inongo arazorik agertu; nahi nuena egiteko aukera eman zidaten. Hala ere, tokiaren kudeaketa Bermeoko Udalak darama, horregatik, beraiekin harremanetan jarri nin-tzen, klaustroan horrelako erakusketa bat egiten den lehen aldia delako”.

Musika emanaldiak izan dira bertan, antzerkiak edo hitzaldiak ere, baina horrelako zerbait egiten den lehen aldia da. Lasak bilatu duena bere obrek eta inguruneak bat egitea izan da, nolabaiteko uztarketa bat. “Saiatu naiz nire obrek arkitekturarekin harreman txukun bat izan dezaten”.

IBILBIDEA

Jose Angel Lasa Magisteritzan diplomatua da, Soziologian lizentziatua eta Arte Ederretan doktoratua. 1987tik irakasle lanetan dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean, Arte Ederren fakultatean. Eskultore gisa hainbat lan egin ditu bai taldeka bai bakarka ere. Bere sormenak Bilboko Arte Ederren Museoan edo Artium bezalako museo garrantzitsuetan ikus daitezke, hainbat espazio publiko eta bilduma pribatuez aparte.

Horrez gain, Artekom izeneko taldearen sortzaileetariko bat da. Proiektu honek prestakuntza eta ikerketa jarduerak artearen eta komunikazioaren arloetan giltzatu nahi ditu, iraunkortasunaren alde. Unibertsitate komunitateko ikasle, irakasle eta beste profesional batzuei zuzenduriko ekintzak gauzatzea du helburu, ikasleen gaitasun sortzaileak eta espiritu kritikoa indartuz, parte hartzea akuilatu eta unibertsitatetik kanpo energia kontsumoa minimizatzea eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea.   Bere lanetan argi erakusten dituen funtsak dira hauek guztiak, naturak ematen dizkion baliabideak ondo baino hobeto aprobetxatzen saiatu baita bere ibilbide guztian. 

Eliza barruan 17 pieza daude ikusgai, eta gainerakoak klaustroan daude. Borja Guerrero

KONPOSIZIOA

Frantziskotarren klaustroan eratu duen bilduma bere ibilbidean zehar burutu dituen 70 bat piezek osatzen dute; eliza barruan 17 bat daude eta klaustroan gainerako 50ak. Sormen kopurua tokiak berak eskatu dion zerbait da eta ez hasieratik pentsatuta zeukan zerbait. “Lekuak horrela eskatzen zidan. Piezak aukeratzerako prozesuan, hasiera baten ez nekien zeintzuk ekarriko nituen. Apurka-apurka joan naiz”, bere hitzen arabera.

Ez da lan erraza izan, pieza txikiak erraz mugitzen baitira, baina beste batzuen kasuan, laguntza eskatu behar izan du beraien muntaian. “Pieza bat jartzeko arkitekto teknikoarekin hitz egin behar izan nuen ezer ez kaltetzeko, leku hau ondasuntzat hartzen baita”. Lasak ez du bilatu oraingo honetan antologia edo atzera begirada bat. Berak maite duen toki bat aberastu nahi izan du bere lanekin. “Azken finean, hemen egindakoa konposizio lan bat da. Aretoa koadro bat bezalakoa da: hondo bat jartzen duzu eta gero figurak jar-tzen dituzu”. 

-n, -z, -tik, -rantz izeneko erakusketak Frantziskotarren klaustro guztia hartzen du, baina galeriaka funtzionatzen du obren banaketari dagokionez. “Kontuan hartu dudan gauza bakarra Nestor Basterretxearen estela ez estaltzea izan da. Alderantziz, garrantzia eman nahi nion”. Bermeon jarri dituenak ez dira pieza berriak berarentzat baina bai publikoarentzat, inoiz aurkeztu gabeak baitira gehienak. “Urte askotako lana dago hemen. Galeria oso bat dago lehen aldiz erakusten diren piezek osatua, beste inoiz erakusketa batean jarri ez direnak. Pieza ba-tzuk ez dira berriak, baina bai inoiz inon jarri ez direnak”.

Bestalde, naturako inguru desberdinetan aurkitzen dituen materialak erabiltzen ditu Lasak bere lanetarako; hain justu, berrerabileran oinarritzen da. Esaterako, erakusketa honetako 16 pieza aurtengo neguan haizeteek Bermeoko Lameran botatako zuhaitzen zatiak dira. “Hango hondakinekin egindako obra da. Baina beste hondakin batzuk ere baditu. Zuhaitz bereko hondakinak batera jartzeko aukera neukan eta hori posible da lekua baduzu horretarako.

Inoiz jarri izan ditut hondakinak beste sormen batzuetan, baina batzuk, ez guztiak. Lekuak agintzen duen neurrian ibili naiz lanean. Poeta batek ere ez ditu bere poesia guztiak leku berean jartzen”, azaldu du irribarre batekin. Almerian gorrotatzen dituzten erratzak, hiltzear zeuden Valentziako laranjondo zatiak edo etxean egin zuten magnolia baten inausketak ere artelan bihurtu ditu. “Nik ez ditut zuhaitzak botako, hondakinak dira edo inork gura ez dituenak. Ingurutik jasotzen ditudanak berrerabiltzen ditut”, dio artistak.

MATERIALAK

Obra bat egiterako orduan, lehenengo eta behin bilaketa lan bat burutzen da. Naturak ematen dizkion baliabideak aprobetxatzen ditu, baina ez dio inoiz naturari ezer lapurtzen. “Nik hilda edo hiltzear dauden gauzak batzen ditut”. Gero azazkal kontzeptua dago, berak azaltzen duen bezala: “Zuk zuhaitz bati adar batzuk ken-tzen badizkiozu, leku berean beste batzuk jaiotzen dira. Ez diozu kalte garrantzitsurik egiten. Nik ez dut inoiz zuhaitz bat botako”. Horregatik (eta beste arrazoi ba-tzuengatik ere), Bermeo oso maite du, bere inguruak material desberdinak biltzeko leku aproposa baita.

“Sollube , adibidez, mina bat da. Hondakinez betea dago. Arteak asko daude eta asko gustatzen zaizkit, baina ez naiz hurbildu ere egiten. Bere egurrarekin ezin dut gauza askorik egin”. Hala ere, behin zerbaitek atentzioa deitzen dioenean, hasiera batean ez du jakiten hondakin hori zer bihurtuko den bere eskuetan

“Zerbait batzen dudanean ez dut jakiten zer egingo dudan berarekin. Nik ez dut ezer deskubritzen”. Naturan dagoena hartu eta bere egiten du Jose Angel Lasak, nolabait. “Ni mendian bizi naiz eta etxe alboan otea daukat. Otea ez du inork nahi izaten, ganaduari pasoa eragozten baitio edo jendeari ibiltzen uzten ez diona delako. Ni ez naiz horren bila ibiltzen, baina han dago. Laranjondoak ere erabili ditut. Valentziako lagun batek erakutsi zidan hilda zeuden adarrak bereizten. Hortaz, adar horiek kentzen nizkien, zuhaitzari kalterik egiten ez diodalako”, lehen aipatutako atzazal kontzeptuaren beste adibide bat. 

SORMENA

Behin materiala eskuetan duela, lanean hasi arte ez du bukaera bat ikusten. Sormen prozesuak gorabehera asko izaten ditu, eta, batzuetan, egindako bideak ez du inora eramaten. Hala azaldu du Lasak: “Zerbaitetan hasten naiz eta batzuetan, bidean, aldaketa bat izaten da. Adibidez, etxe ondoan eukalipto bat bota zuten behin. Zati bat hartu, lehertu eta egurrak berak hartzen du forma. Nik ez diot ezer egin. Bere egitura horrela delako. Egiten duguna da aprobetxatu dagoena”. Berak egiten duena ez du zerbait “naturaltzat” hartzen, “ariketa kulturaltzat” baizik.

Bere lanetan presente dauzka artearen historiak izan dituen sormenak, eta naturaz baliatzen bada ere, argi dauka sormenak zerbait artifizialak direla. “Nik XX. mendeko astakeria guztiak presente dauzkat eta asko maite ditut. Ni naturaz jabetu eta aprobetxatu egiten naiz. Kontua da nolako kaltea eragiten diogun. Baina gurea beti da ariketa artifizial bat. Ni kultur ariketa bat egiten ari naiz”.

Jose Angel Lasak sortutako binomioa ezagutzeko, hau da, Fran-tziskotarren eta bere artelanen arteko elkarrizketa isilaz gozatu nahi duen edonork, urriaren 31 arte izango du aukera. Ordutegi bat jarri behar izan dute egun guztia klaustroa irekita ezin baita egon. Hortaz, astean hiru egunetan dago zabalik: ostiraletan, 12:00etatik 14:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta, azkenik, igandetan, 12:00etatik 14:00etara.