"Duela mende laurden jolas gisa hasi zena, 25 urteren ostean nazioarte mailako antzerki talde aintzatetsia izatera heldu gara". Garai hartan, gazteentzako ezer egiten ez zelaren kezkarekin antzerki talde ezberdinetako gazte batzuk elkartuta Deabru Beltzak kale antzerki konpainia sortzea erabaki zuten. Hala, lehendabiziko ikuskizun bat egitera animatu ziren. "Taldea sortu genuenean, ez genion inolako etorkizunik ikusten, Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian parte hartzea zen gure helburua", azaldu du Garbitxuk Deabru Beltzak konpainiako zuzendariak. Denborarekin, Lekeitiotik Tarregako jaialdira egin zuten salto, eta ostean etorri ziren Edimburgo, Montreal eta Singapur, besteak beste.
Mundu mailan sona handia lortu du urte guzti hauetan taldeak eta hamarna mila ikusleko emanaldiak egitera iritsi dira. Hala, Euskal Herriko kale antzerki konpainia esanguratsuenak 25 urte bete ditu oholtza gainetan emozioak sortzen. Hain zuzen, perkusioa, antzerkiarekin nahasturiko koreografiak, piroteknika eta efektu berezien nahasketan oinarritzen da Deabru Beltzak. Eta beraien eszenaratzeak deigarriak izanagatik nabarmentzen dira.
Garbitxuk dioenez, urte guzti hauetako sekretua egiten duten lanean sinistea izan da. "Deabru Beltzakeko kideok beti amestu izan dugu eta gure ametsak bete egin dira", dio. Hori gutxi ez, eta jarritako helburu denak bete ditu Deabru Beltzak konpainiak. Garbitxuk azaldu duenez, zerbait ondo egitean eta publikoarengan erantzuna indar-tsua denean, poztasuna eta ilusioa aprobetxatuz zerbait handiagoa, berriagoa edota erakargarriagoa egiten saiatzen dira. "Publikoak mimatu egiten gaitu eta programatzaileek gure lanean sinisten dute, horrela erraza da lan egitea", gaineratu du.
Denboraren eta egindako lanaren poderioz, Deabru Beltzak taldea egun duela 25 urte baino profesionalagoa dela uste du taldeko zuzendariak. "Esperientziarekin gauzak hobeto egin ditugu". Elkarte bat bezala hasi ziren, 2001ean enpresa jaiotzearekin batera lehen emanaldia sortu zuten eta denborarekin gero eta baliabide gehiago izan dituzte. Taldetik proiektuan sinistu duten hainbat pertsona igaro direla nabarmendu nahi izan du Garbitxuk. Bestalde, nazioarteko mailak ematen duen indarra eta proiekzioak ere eragina izan dutela adierazi du.
Ikusleak protagonista
Deabru Beltzak taldearen helburu nagusia ikuslea emanaldietan beraiengana hurbiltzea da. Hain zuzen, esku bat danborrean eta beste bat probokazioan izaten dute konpainiako kideek. Publikoa berreskuratu eta integratzen saia-tzen dira eta ikuskizun polit eta erakargarria egiteaz gain hurbiltasunari eta inplikazioari ematen diete garrantzia. "Gure emanaldietan publikoa ikuskizunaren parte izatea lortu dugula esango nuke", adierazi du Garbitxuk.
1996. urtean Lekeitiko plazan aritzetik urte batzuetara, 42.000 pertsonaren aurrean antzeztea tokatu zitzaien Deabru Beltzako kideei. 2015ean urtean izan zen hori, Errugbiko Munduko Txapelketaren hasiera ekitaldian Milyon Keynes-en, Erresuma Batuan. Esperientzia nekagarria izan zela aitortu du Garbitxuk. Estres eta erantzunkizun handikoa."Deabru Beltzakek egin duen muntaia handiena izan zen 16 metro zabal eta 15 metro luze zuen oholtza gainean, bi egunetako piroteknia muntaia eta lau egunez entseguak oholtzan". Aurrez, 2004an Caracaseko antzerki jaialdiaren itxiera ekitaldian ere parte hartu zuten. Han, 15.000 ikusleren aurrean. Eta behin Londresera joan zirenean Royal National Theatren egoteko aukera izan zuten.
Baina Garbitxuk aitortu duenez, berak oroitzapen politena Zugarramurdin dauka. 250 biztanleko herri batean. "Askotan antzeztera joan garenean furgoneta barruan aldatu behar izan dugu. Horregatik jakin behar da goi-mailan egoten, baina ahaztu gabe nondik gatozen". Gauza handiak egin arren pertsona sinpleak direla beti argi izan dutela azpimarratu du konpainiako zuzendariak.
Aitzindari eta erreferente
Munduan Deabru Beltzaken gisako hiruzpalau konpainia daude eta horietako bat euskalduna izatea harro egoteko modukoa da Garbitxurentzat. Kale antzerki estilo bat sortzeaz gain, euskal kale antzerkiaren enbaxadore sentitzen dira. Zehazki, nazioartean ibilbiderik luzeena daukan Euskal Herriko kale antzerki konpainia dira. "Ai-tzindariak izan gara, eta hori ohore bat da. Gustura daramagu zigilu hori baina askotan erantzunkizuna ere bada."
Zuzendariaz gain, beste hamar kidek osatzen dute Deabru Beltzak konpainia. Horiek dira: Zesar A. Ogara, Ruben Sastre, Iker Barrientos, Dario Campos, Alexander Alonso, Erlantz Eizmendi, Nagore Cenizo, Sonia Villamos, Iñaki Zubiaga eta Olatz Pagalday.
Bestetik, kalkulaezina da urte guzti hauetan Deabru Beltzak taldeak eskainitako emanaldi kopurua. Besteak beste, sei ikuskizun sortu dituzte eta horietako bat Su Danborrak ikuskizuna oraindik antzezten jarraitzen dute. "Ikuskizun horrekin 2002. urtean hasi ginen eta 900 ekitalditik gora daramatzagu", azaldu du. Munduan ez da ia txokorik gelditzen Deabru Beltzak konpainiak zapaldu gabea, hain zuzen, 37 herrialde bisitatu dituzte urte guzti hauetan. Horrez gain, 80 aldiz enkargatu diete ekimen bereziak antolatzea, 50 herritako jaien zuzendaritza artistikoa egin dute, eta munduko 35 talderekin ibili dira elkarlanean.