Mundu zaharrari, doinu berriak

J Martina musika taldea ezagutu genuen osasun-alertak ezarritako konfinamendu garaietan

27.09.2020 | 20:57
Irudian, J Martina taldeko hiru kideak

Hiru kidek osatu dute pop elektronika estiloko J Martina musika taldea: Ane eta Kattalin Barcena ahizpa larrabetzuarrek eta Javi Jorajuria barañaindarrak. Kontatzen dutenez, aspaldi hasi ziren musika lantzen, baina 2020ko udaberriko hilabeteetan kaleratu dituzte beren lehenengo bi kantak, noiz eta konfinamendu garaietan. Hastapen bitxiak musika talde batentzat.

"J Martina taldeak betidanik izan du musika munduarekin harremana". Izan ere, Kattalin Barcena eta Javi Jorajuria hainbat musika taldetan aritu izan dira azken urtetan, eta Ane Barcenak ere bereziki presente izan du musika bere bizitzan. Kontatu dutenez, 2019ko lehenengo hilabetetan bururatu zitzaien ideia ona izan zitekeela proiektu musikal bat aurrera ateratzea. Barcena ahizpek oinarri elektronikoak lantzen zituen talde bat osatzeko asmoa eta nahia zuten, eta Jorajuriak ordenagailu bidez egiten zuen musika momentu horretan. Hortaz, elkarrekin hitz egin eta J Martina sortzea erabaki zuten. "Egun bat adostu eta elkartzea erabaki genuen, ikusteko ea handik zerbait interesgarria atera zitekeen. Elkarrekin egin genezakeena gustatu zi-tzaigun, hortaz, urtean zehar elkar-tzen hasi ginen, musika konposa-tzeko", azaldu dute.

Hala, behin abestiak sortuta, 2020ko martxoa eta apirila aldera, osasun-alerta dela eta bizi izandako konfinamendu garaietan, argitaratu dituzte beren lehengo kantak, Mundu zahar eta Beste zerbait izenekoak. Orokorrean, abesti horiek oso harrera ona izan dutela adierazi dute taldekideek: "Konfinamendua, kasualitatez, gure abestiak kaleratu nahi genuen garaia izan zen, baina horrek ez du oztopatu gure kantak argitaratzeko ideia, inondik inora ere".

Mundu zahar izeneko kantua eman zuten ezagutzera lehenengo, Camarón de la Isla abeslari andaluziar famatuaren Viejo mundo abestian oinarrituta dagoena. Ostean, osasun-alerta dela eta, etxean sartuta egon behar izan zutenez, denbora librea aprobetxatu eta Beste zerbait izeneko kanta konposatu zuten, distantzian, noski, Internet bidez. Maiatzean kaleratu zuten bigarren hori. Biek izandako harrerarekin pozik daude taldekideak, eta ez da harritzekoa. Izan ere,Youtuben argitaratutako bideoek 12.000 ikustalditik gora dituzte dagoeneko. Bideoklip eta nahasketak Tobby Records diskoetxearekin egin dituzte.

Kantu horiek sortzerakoan, azaldu dute galdera asko izaten dituztela presente: "Zertaz abestu? Nori abestu? Nola abestu?". Esan daiteke, galdera horien erantzun bat direla beraien abestiak. Gaur egungo garaiak eta errealitate kapitalistak kezkatzen ditu J Martinako taldekideak: "Haren biolentziak eta dakarren miseriak kezkatzen gaitu. Errealitate horretan kokatzeko era bat izan daitezke gure abestien letrak, baita haren isla izateko ere". Dena den, beste errealitate bat posible dela sinistu egiten dute, eta horri ere abestu nahiko lioketela adierazi dute. Horrela dio Mundu zaharra kantak: "Mundua, beltzean hauts maluta bat, giza jendearen zientzia, hitza€ Maitaleen poz uluei, keinu hipokritaren otoitzei, erdeinu€".

DEFINITU GABEKO ESTILOA


Esan beharra dago J Martina taldeak daukan musika estiloa ez dela bereziki ezaguna Euskal Herrian. Horrelako estiloak lantzen dituzten talde gutxi daude gurean. Esaten dutenez, apur bat zaila egiten zaie estilo jakin batean kokatzea. Baina nonbait sar-tzekotan, pop elektronikotzat har-tzen dute beren estiloa. Izan ere, esan bezala, base elektronikoak lantzen dituzte, baita ordenagailu bidez sortutako musika ere.

Nahiko komentatua izan da ere taldeak erabiltzen duen estetika, nahiz eta, azaldu dutenez, beraiek ez dute uste estetika berezirik dutenik, ez bereziki pentsatua dagoena, behin-tzat. Dena den, abesti bakoitzari bere nortasuna ematen saiatzen direla diote. Euren hitzetan: "Abesti bakoitzarentzat propioa den iruditegi bat sor-tzen saiatzen gara. Hortaz, esango genuke J Martina taldearen estetika, abesti ororen nortasunaren batura dela". Horren harira, adierazi dute abestiak ateratzen doazen heinean, estetika hura aldatuz joango direla. Ikusiko da, beraz, zelakoa den datozen kantetan.

ERREFERENTEAK


Talde gehienek izaten dituzte erreferente musikalak, eta J Martinak ere, noski, baditu bereak. Elektronikari dagokionez, Dellafuente, Albany, Alizz eta Ibevitaldeak aipatu dituzte. Dena den, askotariko musika taldeak gustatzen zaizkiela adierazi dute, nahiz eta beraiek lantzen duten estilokoak ez izan. Nabarmendu dituzte, besteak beste: Belako, Kuraia, WillisDrummond, Anari, TOC, Itoiz, eta abar.

Etorkizunari dagokionez, taldeak baditu erronka batzuk. "Ahal den heinean eta moduan", kontzertuak ematen hastea da etorkizunari begira duten helburu nagusia. Dena den, bitartean jadanik konposatuta dituzten abestiak kaleratu nahi dituzte, noski, konposatze eta sortze lanak alde batera utzi gabe. Momentuz, irailean argitaratu berri dute beste abesti bat, Desira izenekoa.