BosT edo sei mila gutun irakurri ditu, baita bere argitalpen ugariak tentuz aztertu ere. Ho-rrekin guztiarekin berreraiki du Jurgi Kintana historialariak (Bilbo, 1975) Resurrecion Maria de Azkueren bizitza (Lekeitio, 1864 -Bilbo, 1951). Urte askotako lan horrek, gainera, saria izan du, Bilboko Udalak antolatutako Miguel de Unamuno XV. Saiakera Lehiaketaren 2014ko deialdiaren euskarazko modalitatean nagusi izan baita Kintanaren obra. Orain, Erein argitaletxeak Azkue. Bilbotar ezezaguna izenpean plazaratu du liburua.
“Izaeraz, Azkue apasionatua zen, umoretsua eta oso langilea. Politikoki diskretua eta posibilista. Ez zen iraultzaile bat, baina bai etorkizunari irekitako erreformista”, dio Jurgi Kintanak Azkueri buruz. Hori, ordea, ez dator bat apaiz honi buruz entzun ohi diren topikoekin, egilearen esanetan. “Azkue jakin-tsu-probintziano gisa aurkeztu ohi zaigu, iraganari eta baserri munduari lotutako apaiz tradizionalista gisa. Politikoki karlista zela ere esaten da. Baina Azkue ez zen karlista izan. Ideologikoki abertzalea zen, eta herri kulturatik abiatuz, euskal kultura moderno bat sortu nahi zuen, kultura nazional berri bat, Europako ereduetan inspiratua”, jakinarazi du Kintanak.
Izan ere, Kintanaren ustez, jende asko “Azkueren sotanari begira geratu da, eta ez du ikusten jakin horren atzean zegoena”. Azkueren ametsa euskara eta euskal kultura “menditik ateratzea” zela dio historialariak, euskara “hiriko zirkulu dotoreenetara eramatea. Ez da kasualitatea Azkue bera Bilbon bizi izana. Bilbon bertan sortu zituen Euskal Herriko lehen ikastola, euskara hutsezko lehen aldizkariak, euskarazko operak eta baita euskara sustatzeko erakunde sendoa ere”, nabarmendu du Kintanak.
Unamuno eta azkue Liburuaren hasieratik, Azkue eta Unamuno konparatzen ditu historialari bilbotarrak, eta “Azkueren memoria Bilbon zaindu ez izana” salatzen du. Bi egileen garrantzia parean jar ote daitekeen galdetuta, Kintanak argi dauka: “Ez daude maila berean, Azkue Unamuno baino askoz garrantzitsuagoa izan zen, nahiz eta iritzi publikoak hala ez ikusi”. Konparaketa, beraz, ez da debaldekoa. “Berez, pertsonaia bien abiapuntua parekoa zen hainbat auzitan: urte berean jaio ziren, mundu berean? Beren jarduera intelektuala ere antzeko kezketatik erne zen: euskal gizarte tradizionalak bizi zuen krisiari erantzun guratik”, azpimarratu du. Baina, Kintanaren aburuz, arazo komun horren aurrean emandako erantzuna oso desberdina izan zen bata eta bestearen kasuan. “Unamuno idazle gisa nabarmendu zen, eta bere artikulu zorrotz eta zirikarien bidez irakurleak harritzen eta zeresana ematen jakin zuen. Horri esker ospe handia lortu zuen bere garaian, eta gerora Bilboko ikono kultural gisa kontsakratuta geratu da (Unamuno Eguna eta halako sustapen kanpainen laguntzaz). Baina, Unamunoren testuak arretaz irakurriz gero, bere idazkera distiratsuaren azpian, topikorik arruntenak eta dogmarik kontserbadoreenak aurki ditzakegu”, gehitu du. Horien artean badago euskara modernizatzeko aukera, Kintanaren ustez. “Esplizituki gaitzetsi zuen Unamunok, eta espainolismorik inmobilistena predikatzen aritu zen”, nabarmendu du.
Azkue, ordea, “ez zen Unamuno bezain idazle ingeniosoa izan formetan, baina mami aldetik gauza interesgarriagoak esan zituen”, agertu du Kintanak. “Esan eta egin. Gaur egungo euskal kultura ezin uler bailiteke Azkueren ekarpena aintzat hartu gabe (hiztegigintzan, euskara batuan, musikan?). Eta, hala ere, Bilboko memoria publikoan erdi ahaztuta geratu da”.
Ideien arloan, Azkueren ekarpen handiena “euskaldunei beren patuaren jabe zirela sinestaraztea” izan zela dio Kintanak. “Euskara, euskaldunek nahi bazuten, biharko hizkun-tza ere izango zela sinestarazi zien, eta ez zegoela kondenatuta, Unamunok uste bezala, iraganeko munduarekin batera desagertzera”. Bestalde, obrari dagokionez, Azkuek “herri kulturaren bilketa lan erraldoia” burutu zuela nabarmendu du Kintanak: hiztegiak, kantutegia... “Eta, ondoren, hori dena jendearen eskura jartzeaz arduratu zen, tradizioa biziberritu zedin”, azpimarratu du iker-tzaileak. Horrez gain, euskararen biziraupena bermatu nahian, “hizkuntzaren estandarizazioa bultzatu zuen eta euskara arautu eta babesteko erakunde erreferentziala eratu zuen, Euskaltzaindia. Izan ere, norbaitek imajinatzen du gaur egungo euskal kultura Euskal-tzaindirik gabe?”.