Richard Sennett akademiko estatubatuarrak artisautzaren aldeko apologia egiten du (The Craftsman liburuan, hain zuzen ere). Mekanizazioak produktua merketzea eta azkartasuna dakar, modernismoak (eta kontsumismoak) bultzatutako balio-ardatzak ikur sinboliko gisa. Eskuz egindako objektuen gaineko erromantizismoaz gaindi, eskuek “egin eta pentsatu” bi ekintzak elkarrekin egitera bultzatzen dute. Esperientzia praktikoak teknika uneoro hobetzeko eta egokitzeko aukera eskaintzen du; makinak, ordea, ez. Artisautzaren hobekuntza prozesua geldoa da, eta emaitza kolektibo bat da. Arbasoen teknika ikasi ostean (ezagutza-transmisioa), praktikaren bitartez aurkikun-tza txikiak erdiesten dira. Izan ere, artisautza kultura da.
Euskal artisautzak, or-dea, gehiegitan, erreprodukzio lan soila egiten du, folklorean ataskatuta. Hala ere, gure artean sortzen ari den artisau belaunaldi gaztea baloratzekoa da. Gasteizko Arkaia altzari-marka edo Bilboko Ziriak arotzeria berritzaileak made in Euskal Herria dira, non egurraren tratamendu puru bat baloratzen den, teknologia eta euskal artisautzaren arteko adiskidetza lagun. Xehetasunen depurazioa eta egur piezen arteko loturak ornamentu garaikide bilakatu dituzte. Etxeko diseinu hauek suediarren besteko maila dute.
Mugimendu berri honen adierazleetako bat Aser Longás zangozar arkitektoa dugu. Iruñeko Eskolan Arkitektura eta egurra lantzeko teknikak ikasi ondoren, egun arkitektura eta altzariak sortzen ditu eskulturak bailiran. Altzaria arkitektura bihurtuz eta eskulturak altzari. Erakusketa artistikoetan eta eraikuntza esparruetan aurkitu daiteke bere lana, ibilbide profesionalaren hastapenetan dagoen arren, lan esanguratsuak burutu ditu jadanik. Aserren profila kategorizazio itxi batean definitzeko zailtasuna gaur egungo modernitatearen agerbidea da.
Aserrek Iruñeko Walden liburu-dendan egindako lana hartuko dut hizpide. Henry David Thoreau-ren liburu famatutik hartutako izenak badu Aserren lanarekin zerikusirik, hala nola egurraren balorazio gaurkotuarekin. Liburu-dendaren altzari guztiak propio diseinatuak daude: liburu-apalak, irakurtzeko mahaiak, harrera-mahaia... “Egur elementu bertikalek baso baten ingurura eraman nahi gaituzte”, dio egileak. Sabai altuko lokalaren paretak beltzez margotu dira eta fondo honetan egur eta liburuen artean paisaia bat eratu dela gaineratuko nuke.
Altzarien luxua ez dator soilik lekura egokitutako piezak izatetik, baizik eta begirada gertuko detaileak behatu eta iku-tzeko aukeragatik. Altzariak aurretik eta atzetik ikustekoak dira eta, horregatik, interes fokoak daude altzarien bukaeretan eta alboetan. Eraikitzeko modua erakusten da, pieza bat bestearen gainean, aintzina egiten zen moduan. Egur altzari hauen ukimena oso goxoa da, benetako egur piezak baitira, akabera naturalarekin. Gainera, mahaiek enborren forma hartu dute, benetakotasunaren agerbide izan nahi baitu lan guztiak. Egurraren presentziak berba egiten du: ukimenak, usainak eta egiteko moduak materialaren izaeraz eta biziaz dihardu.
Espazioaren izaerak materialitatearen propietateak eskain-tzen ditu, baina, gainera, egurraren kasuan, bestelako kontakizunak ere tartean dira. Egurra, ez dezagun ahantz, materia organikoa da, bizirik dagoena, denboraren igarotzea bere ehunduran adierazten duena eta denborak eragina duena bere presentzia fisikoan. Zaindu beharreko materia da, mantendu nahi den edozein gauzaren exigentzia den bezalaxe. Egurrak jatorri zehatz bat du, zuhaitz eta baso baten identifikazio-markak berarekin ekar-tzen ditu egurrezko altzari eta espaziora. Gainontzeko material sintetikoek edo egur imitazioek, berriz, gain-geruza guzti hauen ausentzia dute.
Espazioa ikusten duguna baino gehiago delako, bide luzea opa diot euskal egur diseinuaren belaunaldiari.