- Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten Ikusmira Berriak, egoitza eta ikus-entzunezko proiektuen garapenerako programa, bost deialdi izatetik seira igo da, eta aurten, lehen aldiz, beren proiektuak garatzeko aukeratutako pertsonek tutoretza gehigarri eta pertsonalizatuak izango dituzte.
Tutoretza horiek Elena López Riera, Jean-Gabriel Périot, José Luis Torres Leiva, Lucile Hadzihalilovic, Fernanda del Nido eta Paolo Moretti profesionalek eskainiko dituzte. Azken urteotan bultzatutako berrikuntza horri eta beste neurri batzuei esker, Ikusmira Berriak egitasmoak “talentu berrien bila jarraituko du, mundu osoko zinemagileen bidelagun bihurtuz”, azaldu zuten atzo arduradunek.
Ana Cristina Barragán, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, João Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeld-en proiektuak aukeratu dituzte Ikusmira Berriak ekimenaren zortzigarren edizioan, eta hil honen 14tik apirilaren 24ra bitartean Donostian izango dira, euren proiektuak garatzen.
Gainera, apirilaren 9an, Zinemaldia + Pluseko saio berezian, aurrez egindako lan batzuk aurkeztuko dituzte Tabakalerako zineman.
Sei aste luzatuko den lehen fase honetan, proiektuak garatzen hasteko lanabesak emango zaizkie Tabakalerako Artisten Gunean, beste arte-egoitza batzuetako sortzaileekin batera.
Zinemagile bakoitzak aditu-ba-tzordeko hiru kideren bat izango du alboan -Olimpia Pont, zinema- industriako aholkularia; Javier Martín, Donostiako Zinemaldiko aholkularia eta hautaketa-batzordeko kidea; eta Sergio Oksman, zuzendaria, ekoizlea eta zinema-irakaslea. Beraien lanak in situ aztertuko dituzte eta diziplina anitzeko aholkularitza eskainiko diete. Aurtengo berrikuntzen artean, egoiliar bakoitzak tutore bat izango du, proiektuaren jarraipen pertsonalizatua egingo diona, eta online saioen bitartez bere eskaera eta beharretara egokituko dena.
Aipatu bezala, egonaldia luzatu egin da; zazpi hilabeteko tartean zortzi asteko egonaldi bikoitza egingo dute (lehen sei ziren), bi fasetan banatuta: sei aste martxoa eta apirila artean, eta azken bi asteak irailean, Zinemaldiaren batera, proiektuak garatuxeago daudela, industriari aurkezteko aukera izango dutelarik.