Aniztasuna ospatzeko zalantza izpirik ez

Datorren martxoaren 1etik 14ra ospatuko dute Zinegoak jaialdiaren 18. edizioa

05.03.2021 | 12:30
Gizon-emakume dikotomiatik harago dauden generoak azaleratu dituzte aurtengo kartelean.

Iazko Zinegoak jaialdiaren edizioa gutxigatik egin ahal izan zuten, bukatu eta egun batzuetara larrialdi egoera ezarri eta konfinamendu agindua igorri baitzuen Espainiako Gobernuak. "Orain, iazko amaiera festa gogoratuz, sozializatu nueneko azken aldi hura erabat arrotza egiten zait, garagardoa eskuan, jendez inguraturik€", adierazi du Pau Guillen jaialdiko zuzendariak, etortzear zenaz jabetu gabe. Urtebete igaro da ordutik, eta pandemiak gorabehera ugari ekarri ditu. Gisa askotako jaialdiak ospatu dira, baita Euskal Herrian ere, ez betiko modura, ordea. Hala bada, Zinegoakek ere, Nazioarteko Gaylesbitrans Zinema eta Artearen jaialdiak, urteroko zitari eustea erabaki du, eta martxoko lehen bi asteetan egingo dute, Bilbon ez ezik, Euskal Herriko beste txokotan eta sareetan.

Aurtengo leloak mezu asko dakar berekin besapean: 'Genero izpirik gabe / Sin género de dudas'. Batetik, jaialdia ospatzeko beharrari egiten dio erreferentzia, izan ere, urteekin errotuz joan den zitari jarraipena ematea ezinbestekoa zitzaien antolakuntzako kideei, jakin bazekiten arren, lan erantsia ekarriko ziela ezohiko egoera honetan jaialdia antolatzean: segurtasun neurriak, produkzioen jaitsiera€


Baina bestetik, belaunaldi berriei ere keinu egiten die. Gazteek genero identitateak eta sexualitate aniztasuna modu naturalean barneratzen, ulertzen eta onartzen ikasi dutela aitortu nahi dute. Hain zuzen ere, ideia horretatik abiatuta, aurtengo kartelean gizon-emakume dikotomiatik harago dauden generoak azaleratu nahi izan ditu Helena Goñi bilbotarrak egindako argazkian: lau gazte ageri dira, denek dute ile berdea, baina bakoitzak bere modura, bere intentsitatean, bere ukitu pertsonalean. Guillenek gaineratu du ilea tindatua izatea ere, badela normalizatutako zerbait, gaur egungo gazteek normaltasun osoz egiten dutena.

Gizartearekin batera aldatzen

Urte luzeko ibilbide honetan, jaialdia bera eta helburuak aldatzen joan direla azaldu du Guillenek: "Duela 18 urte, lehenengo edizio hartan, LGTBI+ kolektiboarentzako ahalduntze jardunaldi gisa planteatzen genuen", eta, aldiz, gaineratu du, publiko zabalagoa duela xede gaur egun, jaialdia bera zabaltzen joan den heinean. Areto bateko hiru eguneko jaialdia zena, 14 egunekoa da orain, eta Bilboko dozenaka espaziotan egiten dute urtero.

Aurtengoa, berezia, izango da zalantza izpirik gabe. Pandemia egoerari egokitu beharko zutela argi zuten, baina pandemiaren zer egoeratan, eta horrenbestez, neurriak zeintzuk izango ziren ez jakiteak buruhausteak ekarri dizkie antolatzaileei: "Sei hilabete daramagu lanean, eta okerrena izan da ez jakitea olatuaren zein puntutan egongo ginen data horietan: olatuaren gorenean, sartzen, irteten€".

Aldaketetara salto

Aforoak, gel hidroalkoholikoa, musukoak, distantziak€ Bertaratzen direnek bete beharreko irizpideak izango dira, ziurrenik, jada aski ezagunak izango dituztenak. Baina aldaketak ez dira soilik aretoetan izango. Bilbotik herri desberdinetara egingo du salto, izan ere, deslokalizazioa izan da moldaketa nagusienetako bat. Aspalditik zuten jaialdia zabaltzeko ideia buruan. Hain zuzen ere, hedapen egitasmoa egin izan dute azken urteetan jaialdiaren ostean, pelikulak herriz-herri proiektatzeko eta jarraipena emateko asmoz. Aurten, ordea, konfinamendu perimetralak direla eta, aukera eskaini nahi izan diote publikoari, Bilbora joan gabe ere, eskaintza zabalaz gozatu ahal izateko parada. Lekeitio izango da Zinegoak jaialdiko bigarren egoitza, Zine Bilera elkartearekin elkarlanean.


Beste salto bat, oraingoan, berriz, sareetara. Filmin streaming plataformaren bidez egingo dute. Kataluniako plataformak Estatuko hainbat jaialdiei ahotsa eman die azken urteetan, eta, egoera kontuan hartuta, aukera ona iritzi diote proiektatuko dituzten pelikuletako batzuk bertan ere jartzeari. Hala ere, Guillenek azpimarratu duenez, lehen paseek izango dute garrantzia, hau da, estreinaldiak aurrez aurreko aretoetan izango dira. Zuzendariak, halaber, ikus-entzunezko jaialdien esentzia Filminen ere mantentzeko asmoa dutela gaineratu du: "Donostiako Zinemaldian badakizu film bat hiru aldiz ematen dutela. Guk ere hala egingo dugu, behin jendaurrean, eta gero Filminen egunean hiru ekoizpen igoko ditugu, gehienez ere 72 orduz egongo direnak ikusgai, Zinegoak jaialdiaren kanalean".


Ikusgarritasuna sari

Sébastien Lifshitz (Paris, Frantzia, 1968) zuzendari eta aktoreak jasoko du aurtengo Ohorezko Zinegoak saria, hain zuzen ere, "ikusezin dena ikusgarri egiteagatik". Film, dokumental, laburmetraia eta bestelako ikus-entzunezko ugari ditu bizkarrean paristarrak, baita izen handiko sariak ere, tartean, adibidez: Zinegoak jaialdiko 'Lesbianismoa eta Genero Saria' 2014an, Bambi izeneko dokumentalarekin, edo Cannesko Zinemaldiko 2016ko Queer Palm saria, Les Vies de Thérèse lanarekin. Ikusgarritasuna lortzeagatik saritu dute, ikusgarritasuna bera saria bada ere.


Lau urtez izan da Lifshitz Bilboko jaialdian, eta hark egindako lan eskerga aitortu nahi diote, betiere, LGTBI+ kolektiboaren alde egin izana. Guillenek estimua diola aitortu du, eta etorkizun oparoa datorkiola iragarri du: "Zirkulu txikietan oso ezaguna da Lifshitz, eta uste dut laster egingo dela ezagun zirkulu handiagoetan".


Epaimahai anitza sortu dute, bestetik. Kolektiboko aktibista ezagunak, argazkilariak, artistak€ Pelikula eta dokumentalen gaineko ikuspegia ahalik eta modu zabalenean azter dezaten. Aurreko urteetako epaimahaikideen bilerak ekarri ditu zuzendaria gogora, eta izaten zituzten eztabaidak oso aberasgarriak zirela azaldu du. Aurtengoan, sailetako bakoitzerako hiru kide izendatu dituzte, Euskal Herriko zein nazioarteko izen ezagunekin, adibidez: Kai Etxaniz artista trans iruindarra; Nicole Costa zuzendari txiletarra, zeina iaz saritua izan baitzen; edo Pablo A. Cantero, FanCineGay jaialdiko (Extremadurako LGTB-Zine jaialdia) zuzendaria.

NAHI BESTE AUKERA

Konfinamendua eta pandemia dela-eta, ekoizpen asko geldiarazi behar izan dira, batzuk, bertan behera geratu ere. Jaialdira iritsitako produkzioetan beherapena nabaritu dute antolakuntzatik, eta datorren urteari begira ere, joera antzekoa izango dela aurreikusi dute. Nolanahi ere, eskaintza gustu eta interes askotarikoentzako dago. Aurten ere 4 sail izango dira: FIK, fikziozko saila; DOK, dokumentalena; eta KRAK, narratiba berriena. Guztira 18 film luze lehiatuko dira sail ofizialean. Pelikulen erdiak 'opera prima' dira. Emakumeek zuzendutakoak, edo tematika lesbikoari buruzkoak gailentzen diren arren, trans eta gay istorioak ere ikusi ahal izango dira.

Guillenek azpimarratu du tematika bereko pelikulak dauden arren, oso ikuspuntu desberdinetatik lantzen direla. Esaterako, sexualitatea nerabeengan oso ohikoa da filmetan edo dokumentaletan, baina sexualitatea zahartzaroan deskubritzeak dakarzkien aldaketak eta bizitako une la-tzak aztertzen dituen lanak ere badira. Bestetik, egunero korto-emanaldiak egongo dira Bilborocken. Valentina, Suk Suk, Canela dira zuzendariak aipatu eta gomendatu dituen filmetako batzuk. Edozein dela, ikusleak aukeratzen duena, "kalitatezko" pelikulak gozatzeko aukera izango da, bai zinema bereziagoa maite dutenek, zein komertzialagoa nahiago dutenek ere.


Jaialdia bera helburu

Ezjakintasuna aipatu du lehenago ere Guillenek, eta hori dela eta izan dute helburu nagusi gisa jaialdia ospatzea: "Taldekideekin behin eta berriz errepikatu dugu, aurtengo helburua jaialdia egitea zela. Horrekin pozik egongo gara. Aurrerago itzuliko gara ohiko moldera, baina aurten, behintzat saiatu behar genuen, segurtasun neurrien berme guztiak izango zituen jaialdia egiten".


Ohikoak dira jaialdian emanaldien osteko tertuliak trago baten bueltan, edo jai batekin amaitzea. Aurten ordea, ez dute horretarako aukerarik izango. Hurrengo urteetan ohitura berreskuratzeko prest azaldu dira kideak, hala ere.


Aurtengo egoerari egokituta, bestetik, abonuak kentzea erabaki dute. Pase gehienetarako sarrera erosteko aukera alboratu dute, butaketako publikoa murriztu behar izan dutenez, sarrera gutxiago daude proiekzioak ikusteko. Hori dela eta, aurrez aurrekoa lehenetsi dute, eta "publikoari emandako babesa itzultzeko asmoz", pelikula bakoitzeko 3,50€ sarrera baino ez dute ordaindu beharko ikusleek, prezio "ia sinbolikoa".

noticias de noticiasdealava