Adiskidetasunaren mugak

Obra berria estreinatu berri du Txalo Produkzioak konpainiak: 'Konpromisoa'. Adiskidetasunak dituen gora-beherak agerian utziko dituzte antzezlanean zehar Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreek

01.02.2021 | 19:40
Joseba Apaolaza, Zuhaitz Gurrutxaga eta Ramon Agirre aktoreak

Txalo Produkzioak konpainiak lan berria du, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Zehazki, Philippe Claudel idazle eta zinemagile frantsesaren Compromis izeneko obra itzuli eta moldatu du lan-taldeak. Martin Agirrek egin du gidoiaren itzulpena, eta Joseba Apaolaza, Zuhaitz Gurrutxaga eta Ramon Agirre aktoreek egokitzapena. Urtarrilaren 3an egin zuten aurre estreinaldia Urnietako Sarobe gunean, eta hilaren 8an estreinatu zuten Eibarren, Coliseo Antzokian.

Aspaldiko bi lagun elkartuko dira oholtza gainean, eta horien arteko tira-bira eta eztabaidak dira ikusleari agertuko zaizkionak. Izan ere, antzezlana "adiskidetasunaren gorazarre" bat dela azaldu du Ramon Agirre aktoreak. Horrez gain, egunerokotasuneko beste hainbat gai ere jorratuko dituzte antzezlanean zehar: konpromisoa, barkamena€

Esan bezala, obraren moldaketa txiki bat egin du Txalo Produkzioak konpainiak. Lehenik eta behin, Philippe Claudelen hitzak hartu eta itzuli egin dituzte. Agirrek dioenez, Euskal Herrian kokatu dute obra, eta bertara ekarri dituzte zenbait erreferentzia. Horrez gain, lan originala arindu dutela ere aipatu du, erritmo biziagoa emanez.

ADISKIDETASUNA LEHENTASUN

Konpromisoa antzezlanak hiru protagonista ditu. Alde batetik, arazo ekonomikoak dituen pertsonaia: German. Diru falta dela eta, salgai ipini behar izan du bere apartamentua, bere aktore lanetan ez baitu arrakasta handirik lortu. Pisua saltzen laguntzeko asmoz azalduko da Tomas sasi autorea, bere betiko laguna. Eroslearekin geratu eta tratua egitera doazela, elkarri adarra jotzen hasiko dira lagun biak, eta egoera guztiz okertuko da. Izan ere, aspaldiko kontuak alfonbra azpitik atera eta eztabaida gogor batean murgilduko dira. Ikusteke dago eroslea ikusle huts bat izango den German eta Tomasen tira-bira horietan, edo epaile lanak ere egingo dituen.


Agirrek dioenez, sarri beste gauza batzuen gainetik jartzen da adiskidetasuna, eta horrela azaltzen du lan honek: "Azaltzen du nola barkatzen dizkiegun lagunei beste batzuei barkatzen ez dizkiegun pekatu txiki edo handiak". Dena den, eguneroko bizitzan garrantzitsuak diren gaiak aipatu arren, komedia tonuan egiten dutela aipatu du, "beti ironia eta umore puntu batekin".

GIZA-HARREMANEN ISLA

Antzezlanak gizakion erradiografia moduko bat egiten duela ere aipatu du aktoreak: "Hiru pertsona ageri zaizkigu oholtza gainean, hiru urbanita, giza-harremanak zelakoak diren erakutsiko digutenak, baita gu geu nolakoak garen ere".

Izan ere, antzerkiak, hein handi batean, gure buruaz gehiago jakiteko balio duela dio aktoreak. Horrez gain, noski, entretenitzea da obra honen helburua, "jendeak gozatu dezan egin dugu, eta gozatu dezan euskaraz".


Horretarako erabili dituzten baliabideak ez dira bereziki konplikatuak izan: hiru aktore, testuak eta dekoratu "nahiko konbentzionala". Agirrek dioenez, ez dago atrezzo handirik. Giza-harremanen azterketa bat dela azaldu du, eta oso modu erraz batean ikusiko duela ikusleak bere burua hiru protagonista horietan: "Yasmina Rezaren Arte izeneko obran erabilitako estilo bera darabilgu, Frantzian badira mota horretako obra asko, eta horrelako zerbait egin nahi izan dugu".


Horrez gain, eszenografia Asier Sancho Senosainen esku utzi dute, eta jantzien diseinua Cristina Martinezek egin du. Argiztapenaz Julen Zaballa arduratu da, eta David Vicente argazkiez.

EGINDAKOAREKIN POZIK

2020ko udan hasi ziren entseatzen, uztaila partean. Hortaz, estreinaldira heldu ahal izateko garaiz ibili zirela dio aktoreak, nahiz eta osasun-krisialdia dela eta, momenturen batean entseguak gelditu behar izan dituzten. Dagoeneko egin dituzte estreinaldia eta beste emanaldi batzuk, eta publikoak orokorrean oso ondo hartu dituela azaldu du: "Oso pozik eta gustura gaude egindako lanarekin, eta jasotzen ari garen erantzunarekin. Noski, hobeto egin daiteke eta hobetuko dugu, baina oraingoz behintzat oso ondo ari da funtzionatzen".


Antzezlana barre apur bat egin nahi duen pertsona orori zuzenduta dagoela adierazi du Agirrek, ez baitu adin mugarik ikusten publiko posibleari begira. Datozen hilabeteei dagokienez, hogeita piku emanaldi zehaztuta dituztela azaldu du: "Uste dut horietaz aparte ere beste batzuk egongo direla, beraz, pentsatzen dut datozen lau edo bost hilabeteetan lan polita izango dugula antzezlan honekin".