BILBO. Lau hiriburuetan, P.I. Tchaikovskyren 4. Sinfoniak osatuko du "Isiltasunaren aurretiko ahotsak" izenburuko egitaraua, Christoph Königek zuzenduko duena, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Pinchas Zukermanek biolinentzako dauden ia lan guztiak jo ditu XX. mendeko musika jole onenekin batera, baina lotura estuagoa izan du Zubin Mehta, Daniel Barenboim edo Jaqueline du Pré-rekin, besteak beste. Diskografia oso zabala du, 100 lan baino gehiago grabatu ditu, eta bi aldiz irabazi du Grammy saria.
Horrela, Kursaal Auditoriumean eta Euskalduna jauregian, Pinchas Zukermanek Edward Elgarren Biolin eta Orkestrarako Kontzertua interpretatuko du. Ia 50 minutuko iraupena duen pieza luze horretan, Elgarrek biolinarentzako errepertorio guztiko bakarlarientzako zati luze eta gogorrenetako bat idatzi zuen.
Halaber, Principal antzokian eta Baluarte auditoriumean, Zukermanek Amanda Forsyth biolintxelista kanadarra izango du lagun, eta EOSekin batera joko dute Johannes Brahmsen Biolin, Biolontxelo eta Orkestrarako Kontzertu Bikoitza. Brahmsen lan ospetsuenen artean ez badago ere, "lan konplexu eta titanikoenen artean dago".