´Liburuen artean ibiltzea, kuxkuxea-tzea, ezusteak topatzea, txikitan irakurritako liburuez gogoratzea, beste norbaiti utzi eta etxera inoiz bueltatu ez zen alea aurkitzea edo liburuek egin duten bidaia asmatzea”. Horrela deskribatzen ditu Iruñeko Zapateria kalean dagoen Re-Read-eko bezero batek bigarren eskuko liburuak saltzen dituzten dendak. Xarma berezia duten establezimenduak dira hauek, harreman hurbila eskaintzen dietenak bertaratzen diren guztiei. Euskal Herriko hiriburu gehienetan topatu dezakegu gisa honetako dendaren bat, batzuk hamarnaka urtetako ibilbidea dutenak gibelean, beste batzuk jaioberriak, baina guztien existentzia oraindik ere ezezaguna da askorentzat Euskal Herrian.

Bilboko Astarloa mota honetako denda zaharrenetakoa dugu. 1992an ireki zituen ateak eta urte guzti hauetan hirian erreferente bihurtu dela dio bertako langile den Jon Lekuek. “Hasierako urteak gogorrak izan ziren, arazo eta ezusteko askorekin. Bilbon antzeko denda gehiago daudela aitortu du, baina “gureak besteek lortu ez duten nortasuna duela uste dugu. Hirian mundu guztiak ezagutzen du Astarloa”, gehitu du. Dendariaren ustez, Euskal Herrian oraindik Madrilen, Bar-tzelonan edo Europako beste herrialde batzuetan dagoen ohitura bera egon ez arren, bigarren eskukoaren pertzepzioan “aldaketa nabarmena” ematen ari da, “batez ere kontsumo arrazional gisa eta arrazoi ekonomiko edo ingurumen jasangarriagatik, nahiz eta oraindik mundu oso bat falta zaigun herrialde nordikoen mailara heltzeko”, agertu du.

Gasteizko Sekhmet ere urte berean zabaldu zuen Ana Cormenzanak. “Duela ia 30 urte El Cafetal liburu-denda ireki nuen beste sozio batekin”, oroitu du. Baina, urte ba-tzuen buruan, banatzea erabaki zuten. Gaur egun hirian liburu zaharren denda bi hauek baino ez daude. Dendarekin hasi zenetik, Gasteizen “lekutxo bat” egitea lortu du Cormenzanak bere negozioarekin, baina oraindik bigarren eskuko negozioak “arraroak” izaten jarraitzen dutela aitortu du dendariak. Txanponaren beste aldean Re-Read liburu-denda modernoa dugu, Iruñean kokatua. Sei hilabete eskas dira inauguratu zenetik. “Bar-tzelonan ezagutu genuen bigarren eskuko liburu-denen kontzeptua. Oso landua zegoela iruditu zitzaigun, eta erakargarri ikusi genuen. Bertakoekin harremanetan jarri eta, aukerak baloratu ondoren, aurrera egitea erabaki genuen”, kontatu dute Sole Artola eta Nuria Rodriguez liburu-dendako arduradunek. Azken honek krisi garaian sortutako liburu-denda izanik “krisiaren alaba” gisa kalifikatu du Re-Read.

Beste sektore batzuetan ez bezala, azken urteotako egoera ekonomiko larriak ez omen die horren gogor eragin bigarren eskuko negozioei, hiru dendetako arduradunen esanetan. Hala ere, krisia “presente” dagoela nabarmendu du Cormenzanak. Liburu-denda hauen funtzionamenduari dagokionez, oso modu antzekoan lan egiten dute hiruek. Astarloa dendako Lekuek beste edozein an-tzinako negozio edo bigarren eskuko salerosketara dedikatzen diren establezimenduekin konparatu ditu beraienak. “Liburu solteak edo liburutegi osoak alde batera utzi nahi dituzten partikularrei erosten diegu materiala. Normalean, heriotza, herentzia, etxeen berrantolaketa, obra edota lekualdaketengatik saldu nahi izaten ditu jendeak liburuak. Zoritxarrez, diru faltagatik liburuak saldu behar dituztenek ere ekartzen dizkigute ale batzuk”, gehitu du. Cormenzanak, bere aldetik, gaineratu du enkanteen bidez ere lortzen dituztela liburuak.

ALTXOR UGARI Bigarren eskuko liburu-dendetan altxor bat baino gehiago aurki daiteke. “Gure eskuetatik X. mendeko eskuizkribuak pasatu izan dira, 100.000 euro inguruko prezioan”, jakinarazi du Astarloaren arduradunak. “Dena den, euro baten truke edo bi eurotan salgai ditugun liburuak saltzea atsegin dugu gehien, jende gaztea erakartzen dugulako horrela eta honek energia ematen digulako aurrera egiteko”, aipatu du bilbotarrak. Orain salgai dituzten liburuen artean, Don Quixote en Vizcaya nabarmendu nahi izan du. Re-Readen, XVI. mendeko latinezko “altxor” bat izan da obrarik zaharrena. “Orri batzuk falta zituen, ilustrazioak zituztenak, hain justu”, kontatu du Rodriguezek. “Oso liburu interesgarriak eta politak pasatzen dira gure eskuetatik: edizio bereziak, eskainita daudenak, izugarrizko ilustrazioak dituztenak, miniaturak... Berrienen artean, aurten argitaratu den Millenium sagako laugarren liburua dugu, adibidez. Jabeari ez zitzaion batere gustatu eta irakurri ondoren hona ekarri zuen. Ziztu bizian saldu zen, noski”, gehitu du.

Generoak ez du axola liburu-denda hauetan, eta gai eta alor guztietako liburu txukunak erosteko prest daude saltzaile guztiak. Dena den, salbuespenak ere egiten dituzte. Adibidez, entziklopediak, testu liburuak, gainetik idatzita dauden liburuak eta orrialdeak horixka dituztenak ez dituztela erosten aipatu du Rodriguezek. Prezioei dagokienez, Iruñeko liburu-dendan, esaterako, liburu guztiak 20 zentimotan erosten dituzte eta gero 2 edo 3 eurotan saltzen dituzte. “Prezio baxua da bai erosteko eta bai saltzeko”, iritzi dio Re-Readeko arduradunak. “Sistema hau liburuak errazago mugitzeko eta berrirakurriak izateko pentsatuta dago”.

Astarloan, bere aldetik, irizpide bakarra dute liburu bat aukeratu eta horren prezioa jartzerako orduan: bigarren eskurako interes posible bat izatea. “Editorialen merkatuaren filosofiatik aldentzen dena” da bigarren eskukoa, Lekueren iritziz, “lehenengoa zinearen edo musikaren irizpide komertzial bertsuetan oinarritzen” dela baitio. Beste merkatuetan bezala, “gure alorrean ere produktu batzuk denborarekin hor mantentzen dira, baina beste asko ahazten diren fenomeno tenporalak izatera mugatzen dira. Gure kasuan, interesa mantentzen edo areagotzen duten liburu horietan oinarritzen da merkatua”.

EUSKARAZ, URRI Euskarazko liburu gutxi heltzen zaizkiela aitortu dute hiru dendetako arduradunek. “Euskarazko bigarren eskuko liburuen merkatua fenomeno berria da oraindik, eta kostatuko zaio antzinako liburuen merkatuan guztiz murgiltzea. Dena den, ikusten da interesak gora egin duela”, baieztatu du Astarloatik Lekuek. Re-Readen ere euskarazko ale gutxi heltzen zaizkie momentuz, “%85a gaztelaniaz dira”, diote arduradunek. Sekhmeten kasuan, azkenik, saltzen dituzten ale guztiak gaztelania hutsean direla aitortu du Cormenzanak.

Gaur egun paperezko liburuek duten lekuari buruz “irakurtzea maite duen jendeak papera nahiago” izaten jarraitzen duela dio Cormenzanak. Rodriguezek, aldiz, euskarri honen krisia ere nabari dela azpimarratu du: “Liburuak saltzeko ekartzen dizkigutenen artean e-book-a erabiltzen hasi direnak ere badaude, baina egia da jende asko oraindik ez dela eroso sentitzen formatu digitalean irakurtzen”. Gaur egun bezalatsu, papera eta euskarri digitala etorkizunean ere “elkarrekin bizi” daitezkeela uste dute Iruñeko dendariek, nahiz eta gaineratu duten ilustrazioak edo argazkiak dituzten liburuak ezin direla e-book batean disfrutatu.

Askok uste dutenaren eta datuek diotenaren kontra, Lekuek, Cormenzanak eta Rodriguezek bat egiten dute gaur egun jendeak gehiago irakurtzen duenaren baieztapenarekin. “Galdetu beharko litzateke ea jendeak paperean edo tablet-ean irakurtzen duen, liburuak modaz pasatu diren, kultura garestiegia den? Datuek diote gutxiago irakurtzen dela. Uste dut lehen gehiago erosten zela eta gutxiago irakurri; baina, era berean, liburu hitzak berak askori kariñoa eta errespetua iradokitzen dio”, dio Lekuek. Etorkizuna, ordea, aldakor ikusten dute. Bilbotarrak “liluragarritzat” jotzen du geroa: gogorra, ona, bizitza bera bezala”. Cormenzana ere etor-kizuna begi onez ikusten saiatzen da, “baina, errealista izanda, dena da zaila; ez da sektorea beragatik soilik, egun ez dago urte askoan irauten duten komertzio gehiegirik”, agertu du bere kezka. Azkenik, Rodriguezen aburuz, “liburuak oraindik badu zeresanik, baina adi egon beharko gara bizitzeko modu berriei. Munduak bere martxa jarraituko du, aldaketak etorriko dira, baina moldatuko gara eta beste zerbait asmatuko dugu, betiko legez”.