Idazlearen heriotzetik 40 urte bete diren honetan, zerbait berezia egin nahi zuten Gabriel Aresti Kultura Elkartekoek, eta eleberri grafiko bat (komikiari garrantzia emateko jartzen zaion izen ponpoxoa, baina komikia, finean) egitea pentsatu zuten. Esan eta egin. Adur Larreari (Bordaxuri, Okatxu...) eman zioten errekadua. Idazle handiak merezi duen lan handia egiteko, ohiko dokumentazio lanaz gainera, batez ere Arestiren alargun Melirekin eta Nerea, Guria eta Andere alabekin bildu zen Larrea, bere bizitzari buruzko ohiko biografia eta liburuetan agertzen ez diren eguneroko bizitzaren xehetasunen berri jakiteko.

Emaitza, Gabriel Aresti-BioGrafikoa, 100 orriko liburu mardul eta ederra da. Bertan, Aresti idazlea bai, baina Gabriel pertsona erakusten zaigu, batez ere. Hala, bere bizitzako oinarriak ziren Bilbo, euskara eta kezka sozialak agertzen dira, familiako bizitza, frankismo garaiko giroa... Anekdotaz beteta dago liburua. Oso irakurterraza eta entretenigarria suertatzen da, eta idazleaz ikuspegi ezberdin eta berri bat jasoko dugu, pertsonalagoa, intimoagoa, atseginagoa. Familiak emandako laguntza handiarekin ondutako komikiak honen oniritzia ere jaso du, gustukoa zaiela adierazi baitu haren sendiak. Haren obrari dagokionez, jakina, bere liburu eta olerkiak aipatzen eta agertzen dira komikian; eta gainera, bukaeran, Olerkaria ipuinari marrazkiak jarri dizkio Larreak, modu politean.

Komikiaren hizkuntza nagusia euskara bada ere (hala egiten du narratzaileak, hala dira bere obra aipatzen diren zatiak eta hala dira euskara zekitenekiko elkarrizketak), gaztelania ere agertzen zaigu bertan, eta ez gutxi, garaiko egoera erreala erakusten baita. Naturaltasuna eta errealismoa ematen dio horrek lanari. Hala, Aresti bere gurasoekin, emaztearekin eta beste jende askorekin ari deneko zati asko gaztelaniaz daude, errealitatean aritu ziren bezala. Hizkun-tzak, beraz, komikiko protagonista ere badira; ezin bestela izan, hainbat hizkuntza menperatu eta hizkuntzekiko interes eta pasio berezia zuen Arestiri buruzko obra batean.

Irudi eta koloreetarako, horrelako istorioetan ohikoa den nahita bilatutako estilo itxuraz sinplea aukeratu du egileak -Persepolis edo Guy Delisleren lanen erara-, trazo sendo eta itxiekin eta kolore oso gutxirekin (kasu honetan, hiru koloretan: zuria, beltza eta laranja). Eta estilo hori bikain egokitzen zaio biografiari eman nahi izan zaion tonu intimistari. Aipatutako guztiak kontuan harturik, lan borobila suertatzen da Gabriel Aresti-BioGrafikoa hau.