Erabileraren gaineko azken azterlan guztiek agerian jarri dute: euskarak ikus-entzunezkoetan duen pisu urria traba larria gertatzen ari da hizkuntza biziberritzeko. EAEko erdal egunkari batean honelako lerroburua irakurri berri dugu: “Gazte euskaldunek nahiago dituzte gaztelaniazko ikus-entzunezkoak”. Barrenak behar. Zertaz “nahiago”, aukerarik ez delarik? Ohitura falta da, ados, baina nekez sortuko da ohiturarik erdal itsasoan euskarazko edukietara iristea ere abentura bat bada. ETBk bere erantzukizuna du panorama hits honetan. Jaurlaritzaren mendeko telebista publikoak ETB-2 erdaldunaren alde egiten duen apustu nabarmenak ikusleak urrundu ditu ETB-1 euskaldunetik, bere buruari ukatu baitizkio euskarazko programazio duin eta erakargarria osatzeko ahalbideak, erdarazko eskaintzaren mesedetan. Ondorio latzez ohartarazirik, aldaketa zantzu batzuk sumatu zaizkio aspaldi honetan. Ez aski, ordea. Gure Pantailak Euskaraz eta gisako mugimenduak behin eta berriz ari dira mahai gainean jartzen gure hizkuntzan ikus-entzunezko fikzioa sortu edo hartara itzuli beharra. Bertzeak bertze, haurrendako ez diren edukietan bikoizketa berreskuratzeko zuzenean eskatzen zaio ETBri. Ente publikoak baietz-edo erantzun du; noizko, auskalo. Berak aitortu berri duenez, 2021az geroztik ETBk 458 film erosi ditu gaztelaniaz, bertze 28 gaztelaniaz eta euskarazko bertsioak zituztenak eta 20 film gehiago ekarri ditu Cervantesen hizkuntzara. Etxeparerenera, berriz, zero. XXI. mendean bada oraindik ohartu ez denik film eta telesail interesgarrien bikoizketa politika on batek euskararen normaltasun sozial eta normatiboari eginen liokeen faboreaz. Bada, bidenabar, zerbait oroitarazi beharra: urriaren erdiaren bueltan ETB-3 ikusi ahal izan gabe segitzen dute Nafarroako Mendialdeko haur euskaldunek, aurtengo aurrekontuen negoziazioetan Euskal Herria Bilduk Madrilgo Gobernuarekin egindako akordioa gorabehera. Ahantz ez dakigun.