- “Txikipedian 250 sarrera berri argitaratzea, bereziki emakumezkoenak eta zehazki emakume zientzialarienak. Horixe da Euskal Wikilariak elkarteak eta Ikastolen Elkarteak Nik, zuk, guk… 250 bai? proiektuaren bitartez bota zuten erronka, eta hemezortzi ikastolak hartu zutena. Otsailean hasi ziren lantzen eta martxo amaiera aldera argitaratuko dira. Helburutik oso hurbil dira dagoeneko”, azaldu zuten atzo Ikastolen elkartetik.

Horrela, otsailaren 9an ekin zioten hemezortzi ikastola horietako lehenek Txikipedian sarrera berriak sortzeko prozesuari. “Ez zen ausaz aukeratu eguna, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen baita, eta erronkaren helburu nagusietakoa emakume zientzialariei buruzko sarrerak sortzea baita”, adierazi zuten atzo. Hori dela eta, atzo, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Txikipedian 250 sarrera berri egiteko botatako erronkaren lehenbiziko balantzea egiteko konpromisoa hartu zen, sarrera gehienak emakumeei buruzkoak izatea nahi baita. “Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da. Abiapuntu horretatik ekin zioten aipatu hemezortzi ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari”, ondorioztatu zuten.