- AECC Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak eta BioAraba Osasun Ikerketako Institutuak hitzarmen bat sinatu dute, hainbat arlotan elkarlanean jarduteko markoa zehazte aldera. Besteak beste, honako arlo hauetan sustatu nahi da lankidetza: ikerketa, berrikuntza, transferentzia, prestakuntza eta ezagutzaren zabalkundea.

AECCtik atzo jakinarazi zutenez, akordio honen helburu nagusia Araban minbiziaren aurkako inbasigazioaren garapenean sendo jarraitzea da, baita ikerketa bera sustatzea ere. Besteak beste, hitzaldien eta informazio-tailerren bidez egiten dute. Beraien hitzetan, "Hitzarmenaren bidez landuko diren alorrek minbiziari buruzko ikerketarekin eta ikerketa sustatzen eta garatzen lagundu ahal duten jarduerekin dute zerikusirik. Besteak beste, AECCk ikerketarako ematen dituen laguntzei buruzko hitzaldiak eta informazio-saioak, Zientzia guztiontzat programa eta Zure osasuna da aurrena prebentzio-programa". Bestalde, hitzarmenak lau urteko iraupena izango du sinatzen denetik, eta epe hori igarotakoan, aldeek akordioa beste lau urtez berritu ahal izango dute.

AECC Araba ongintza eta laguntza izaera duen erakunde pribatu bat da, irabazi-asmorikgabea. Minbiziaren aurkako borroka du helburu, baita ere gaixoei eta haien senideei doako laguntza ematea, "haien bizi-kalitatea hobetzeko eta gaixotasunak eragindako arazoak arintzen laguntzeko". Era berean, informazioa eta sentsibilizazioa lantzen ditu, "prebentzioa eta detekzio goiztiarra funtsezkoak baitira gaixotasunaren intzidentzia eta hilkortasuna murrizteko". Bere helburuen artean ere bada, AECCren Fundazio Zientifikoaren bitartez, minbizia ikertzea eta onkologiarekin lan egiten duten kolektibo profesionalen eta boluntarioen formazioa sustatzea. Bioaraba, aldiz, Euskadin ikerketa sanitarioa egiten duten hiru institutuetako bat da, eta honako helburu hauek ditu: ikerketa sustatzea (ikerketa biomedikoa, epidemiologikoa, osasun publikoari buruzkoa eta osasun-zerbitzuei buruzkoa); sistema sanitarioak abian jartzen dituen programa eta politikei oinarri zientifikoa ematea, eta ikerketa traslazionala etengabe sustatzea. Arabako Lurralde Historikoa da bere jarduera-eremua.