Enargi sozietatea sortuko du Aldundiak

Energia berriztagarriak sustatu eta ekoizteko eratu du Armiñongo eguzki-parke berrian hartuko du parte

05.08.2020 | 01:07
Enargi sozietatea sortuko du Aldundiak

Gasteiz – Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak sozietate publiko berri bat eratzea onetsi du, Araban iturri berriztagarrietatik eratorritako energia ekoizten duten instalazioak sustatu, eraiki eta ustia-tzeko helburuarekin. Hala aurreratu zuen atzo Arabako diputatu nagusia den Ramiro Gonzalezek goizean eskainitako prentsaurrekoan. Enargi Araba SA izango du izena sozietate honek, eta lurraldearen etorkizunerako jasangarriak eta garbiak diren energiak –hidraulikoak, eolikoak, eguzki energia termikoak, fotovoltaikoak edo biomasatik eratorritakoak– sustatzeko Arabako Foru Aldundiak egindako apustua sendotzea du helburu. "Apustu hori ekonomia suspertzeko Plan-A izeneko planaren barruan dago, eta Armiñongo Ekienea eguzki parke berrian foru partaide-tza kudeatzea aurreikusten du. Parke hori energia fotovoltaikoa ekoizteko Euskadiko parkerik handiena izango da", azaldu zuen.

Enargiko kapital sozial guztiaren titularra Arabako Foru Aldundia izango da, eta sozietateak Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza saileko foru diputatua izango du lehendakari. Gainera, adierazi zuen Enargik kudeatuko dituela Arabako Foru Aldundiak energia berriztagarrien ekoizpenaren alorrean eskuratzen dituen eta bere ondareari eransten dizkion aktiboak.

hornikuntza sistema Bestalde, diputatu nagusiak ezagutzera eman zuen ere gobernu kontseiluak onetsi duela Sobrongo ur hornikuntza sistemaren hoditeria berritzeko obren esleipena. "Larrazubiko, Fontechako, Bergondako eta Sobrongo herrietako edateko uraren hornidura hobetzea helburu duen proiektu handiaren hurrengo fasea da".

Atzo goizean esleitutako obretan guztira 850.016 euroko inbertsioa egingo du aldundiak, Bergonda, Larrazubiko eta Fontechako biltegi berriarekin lotzeko, eta Construcciones Aguado Cabezudo enpresak gauzatuko ditu obrak. Gainera, esleipen honen bidez, Foru Aldundiak guztira bost kilometro luze den tarte bat berrituko du. "Tarte hori berritu egin behar da, 1960ko hamarkadako sarea baita, eta, gaur egun, ur ihes ugari daudenez, ibilbideko zati handi bat zerbitzuz kanpo baitago", adierazi zuen zentzu horretan. Aurreko fase batean, Larrazubiko eta Fontechako ur biltegia eraikiarazi du –352.000 euroko inbertsioarekin–, baita sareko beste tarte batzuk berritu. Atzo onetsitako obrekin batera, "Foru Aldundiak 3 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu proiektu horretan".

kolektorea Azkenik, Gonzalezek beste onespen baten berri eman nahi izan zuen. Izan ere, Villamaderneko hondakin-urak Espejoko sarearekin lotuko dituen kolektorea eraikitzeko lanak esleitu ditu gobernu kontseiluak.

Horretarako, 184.201 euroko inbertsioa egingo du Foru Aldundiko Ingurumen sailak. "Lan horiek Omecillo ibaiko uraren kalitatea hobetuko dute, eta Arabako Foru Aldundiak inguru horretan egiten dituen gainerako saneamendu-lanekin bat egingo dute, hala nola Villanañeko, Gaubeako, Gesaltza Añanako, Tuestako eta Espejoko kolektoreekin", azpimarratu zuen.

Santutegiko eta Angostoko kanpineko isurketak eta Villanañeko nukleoko hondakin-urak Espejoko sarera eramango dituen kolektorearen obrak amaitu dituzte jada, eta ildo berean, Gaubeako eta Villanañeko hondakin-urak konektatu dira, baita Espejoko adar berri bat ere, eta oraindik konektatuta ez zeuden etxebizitzen gunerako.

Villamaderneko kolektorearen eraikuntzak amaiera emango die Añanako saneamendu lanei, 4 milioi euro inguruko inbertsioarekin. "Gogoratu behar da Omecillo ibaia Arabako Natura 2000 Sareko gune babestua dela. Zehazki, Kontserbazio Bereziko Eremua da, eta lehentasunezko espezieen edo galzorian dauden espezieen bizilekua da; hala nola haltzadiak eta lizardiak, sahasti eta makaldi mediterraneoak, etab.", gogoratu zuen amaitzeko.

Hoditeria. Arabako diputatu nagusia den Ramiro Gonzalezek ezagutzera eman zuen atzo Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak onetsi duela Sobrongo ur hornikuntza sistemaren hoditeria berritzeko obren esleipena.

Kolektorea. Villamaderneko hondakin-urak Espejoko sarearekin lotuko dituen kolektorea eraikitzeko lanak esleitu ditu gobernu kontseiluak. Hala aurreratu zuen Ramiro Gonzalezek goizean eskainitako prentsaurrekoan.