EKO–ZIRKU PIRINIOAK mugaz gaindiko proiektuak zirku ikuskizunak sortzeko proiektuetarako deialdia ireki du
1.681.820 euroko aurrekontuarekin, Europar Batasunak % 65 finantzatuko du eta parte hartzen duten lurraldeetako zirku konpainia edo artistei zuzenduta dago; inskripzio epea urriaren 20ra arte da
Europako EKO–ZIRKU PIRINIOAK proiektuak 2025-2026 aldian zirku ikuskizunak sortzeko proiektuetarako deialdia ireki du. Proiektu horiei aukera emango die hainbat sorkuntza espaziotan egonaldiak egiteko eta euskarri ekonomikoa emango die, besteak beste.
Zehazki, POCTEFA mugaz gaindiko lankidetzarako eremu geografikoko konpainia eta artista profesional guztiei zuzenduta dago deialdia. Eremu horretakoak direla uste izango da lurralde horietan bizi badira edo egoitza soziala edo fiskala han badute. Gainera, parte hartzeko irizpide hauek bete beharko dituzte:
Jatorrizko proiektu artistiko bat izatea, gutxienez 30 minutukoa (kaleko proiektuetarako) eta 50 minutukoa (areto edo karparako), sorkuntza eta ekoizpen egutegi zehatz batekin. Amaierako ikuskizuna 2026ko apirilaren 1etik 2027ko martxoaren 31ra bitartean programatu ahal izatea (EKO proiektuaren amaiera data).
Sormen prozesuan neurri ekologikoak esperimentatzeko interesa izatea, bai eta nazioarteko egonaldietan ere, eta neurri eta ekintza horiekin konprometitzeko borondatea izatea.
Sorkuntza prozesuan zehar bitartekotza ekintzen proposamen bat sartzea, EKOren bazkide laguntzaileekin adostuko dena.
Izena emateko azken eguna urriaren 20a da.
EKO-ZIRKU PIRINIOAK
EKO-Zirku Pirinioak mugaz gaindiko lankidetza proiektu europarra da, eta mugaz gaindiko zirkuko eragileen gaitasunak eta trebetasunak garatzea du helburu, prestakuntza, sorkuntza eta esperimentazioa uztartuz trantsizio ekologikoa egiteko.
La Grainerie elkarteak koordinatuta, EKO proiektuak prestakuntza, sorkuntza eta ikuskizuneko 14 entitate bilduko ditu 2024 eta 2027 bitartean.
Proiektuko kideak: La Grainerie (taldeburua), APCC / La Central del Circ, Bilboko Udala, Huescako Udala, Consorci Transversal, Huescako Diputazioa, El Canal / Ajuntament de Salt, Ésacto Lido'Pro, Aragoiko Gobernua, Malandain Ballet Biarritz, Occitanie en Scène, Université Toulouse Jean Jaurès, Ville d'Hendaye eta Arabako Foru Aldundia (Kultura eta Kirol Saileko Kultura Ekintza Zerbitzua). Era berean, Araban, honako entitate hauek atxiki zaizkio proiektuari: Vital Kutxa Fundazioa, Conexiones improbables, Gasteizko Udala eta Garaion Sorgingunea.
EKO 2024-2027ko lankidetza proiektua da. 1.681.820 euroko aurrekontua du, eta Europar Batasunak % 65 finantzatzen du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko eremuaren ekonomia eta gizarte integrazioa indartzea. Arabako Foru Aldundiak 97.846,21 euro jarriko ditu aldi osoan.