GASTEIZ - 2018ko martxoan, Arartekoak jakin zuen justizia-administrazioko langileen ordezkariek jendaurrean adierazpen batzuk egin zituztela, Gasteizko Justizia Jauregian Emakumeen aurkako Indarkeria arloko Epaitegiaren bulegoak berriztatzeari buruz. Salatu zutenez, lekualdaketak tentsio-egoera gehiago sortzen lagundu zezakeen, izan ere, adibidez, sartzeko ate berbera erabiltzera behartzen zituen erasotzaileak eta biktimak. Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi zuen, Lan eta Justizia Sailaren ikuspuntua ez ezik, langileena eta eragile juridikoena ere eskatzeko.
2019ko ekainean, Arartekoa bulegoak ikustera joan zen. Gaian esku hartu zuten guztiei eta Biktimak Artatzeko Zerbitzuari entzun ondoren eta kokagune berriak ikusi ondoren, ondorio hau atera zuen: lan haiek burutzeko, ahalegin handia egin zela eta abiapuntu ona zirela, baina ez zutela behar bezala bermatzen genero-indarkeriaren biktimen segurtasuna. Horregatik, sail horri proposatu zion berriz pentsa zezala kokagune horien gainean. Sail horrek lan-proiektu berri bat proposatu eta berehala gauzatu zuen. Haren bidez, adostasun-prozesuan barrena esku hartu zuten guztiek egindako eskaerak betetzen saiatu zen. - E. F. D.