Síguenos en redes sociales:

EAEko Turismo Legean hizkuntza ikuspegia txertatzeko eskatu du UEMAk

EAEko Turismo Legean hizkuntza ikuspegia txertatzeko eskatu du UEMAkAlex Larretxi

Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Turismo Legearen aurreproiektuari ekarpenak egiteko epea ostegunean amaituko da, urtarrilaren 15ean, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) hainbat ekarpen aurkeztu ditu, kontsulta publikorako epea amaitu aurretik, arau berrian hizkuntza ikuspegia txertatzeko eskatuz.

UEMAren iritziz, "Turismo Legeak leihoa zabaltzen du turismo eredu jasangarriago bat garatzeko, baina horretarako ezinbestekoa da hizkuntza ikuspegia modu esplizituan txertatzea, bereziki udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneetan".

UEMAren arabera, euskararen garrantzia nabarmentzeko ahaleginik ezean, tokiko biztanleen pertzepzioan ere eragin dezake, "euskara bertako hizkuntza gisa ikusi beharrean bisitariak erakartzeko oztopo izan daitekeela pentsa dezakeelako hainbatek"

Gaur egun 120 udalerri biltzen ditu UEMAk; horietatik 97 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude, eta guztira 355.000 biztanleko lurraldea osatzen dute. Udalerri horiek "funtsezkoak" dira euskararen biziberritze prozesuan, baina azken hamarkadetako datu soziolinguistikoek erakutsi dute egoera "apaltzen" ari dela hainbat faktore eta aldagairen ondorioz. Horien artean dago turismoaren eragina ere.

UEMAk Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako ekarpenetan nabarmendu duenez, "turismo politikak ez dira neutralak hizkuntzaren ikuspegitik". "Hizkuntza aldagaia kontuan hartzen ez duten politika publikoek, nahita edo nahi gabe, euskararen normalizazioa kaltetzen dute, eta hori bereziki larria da udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan", gaineratu du.

TURISMOA

UEMAk gogorarazi duenez, turismoak aldi baterako biztanleria igoera handiak eragiten ditu, askotan euskararen ezagutza eta erabilera apala duten bisitariekin, eta horrek "eragin zuzena" du zerbitzuen sektorean, batez ere ostalaritzan eta merkataritzan, eta "hizkuntza ohiturak eta paisaia erdalduntzeko joera sumatzen da askotan, euskara alde batera utzita".

Gainera, UEMAren arabera, euskararen garrantzia nabarmentzeko ahaleginik ezean, tokiko biztanleen pertzepzioan ere eragin dezake, "euskara bertako hizkuntza gisa ikusi beharrean bisitariak erakartzeko oztopo izan daitekeela pentsa dezakeelako hainbatek".