Hizkuntza inklusiboaren erabilerak jokabidean nola eragiten duen aztertu du Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen beka jaso duen Laura Vela-Plo, Marina Ortega-Andres eta Marta De Pedis ikertzaileen lanak.
Hain zuzen, Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: Hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerlana aste honetan aurkeztu dute, Gasteizen. Gizartean aldaketa bat lortzeko bidean aurrera egiteko hizkuntzak duen potentzialtasuna hobeto ezagutzea da bere helburua, agerraldian azaldu dutenez.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren hitzetan, "azterketa honek hizkuntzaren garrantziaz hausnartzeko aukera ematen digu, baita hizkuntza inklusiboaren erabilerak gure portaeretan nola eragiten duen hausnartzeko ere. Ikusten dugu gizartearen ikuspegi berdinzaleagoa izaten laguntzen digula, edo, gutxienez, lehendik dauden genero ezberdintasunak ez areagotzen".
Ikerlanaren egileek arlo honetan euskaraz zein gaztelaniaz dauden hutsune enpiriko eta teorikoa bete nahi izan dute, gaiaren inguruan egindako ikerketa gehienak ingelesean edo alemanean oinarritu baitira.
HELBURUA
Halaber, euskarari buruzko helburu zehatz bat planteatu dute. Izan ere, egileen arabera, genero gramatikalik gabeko hizkuntza denez, "hizkuntzaren erabilera sexistarik sortzen ez duela uste da, eta hori ez da guztiz egia".
Lanak hiru ikasketa esperimental biltzen ditu; bi gaztelaniaz dira, EHUko ikasleekin eta biztanleria orokorrarekin eginak, eta bestea euskaraz, euskal unibertsitateko ikasleekin bakarrik egina. Lehenengo bien emaitzen artean ondoriozta daitekeenez, hizkuntza inklusiboaren erabilerak murriztu egiten du munduaren begirada soilik maskulinoa.
Halaber, euskarari buruzko helburu zehatz bat planteatu dute
Halere, erresistentziak agertzen dira bi taldeetan, hala nola hizkuntza inklusiboa ez dela erraza erabiltzeko edo badaudela beste arazo batzuk hizkuntza baino larriagoak direnak. Aldi berean, baina, inkestatutako batek ere ez du uste hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzea alferrikakoa edo barregarria denik.
Euskarazko azterketan, pertsona gehienek egokitzat joko lukete emakumeak esplizituki aipatzen dituen hizkuntza inklusiboko estrategia bat, nahiz eta onartzen duten ez dutela ezagutzen euskara modu inklusiboagoan erabiltzeko estrategiarik.