Síguenos en redes sociales:

Ezagutza gizartean zabaltzeko egitasmoa abiatu du Jaurlaritzak

Ezagutza gizartean zabaltzeko egitasmoa abiatu du JaurlaritzakUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzak ezagutza gizartean zabaltzeko egitasmoa jarri du martxan, eta kultura zientifikoa sendotzea eta zientziaren eta euskal gizartearen arteko harremana hobetzea helburu duen ekimen estrategikoa izango da.

Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak aurkeztu du egiasmo berria asteazken honetan Donostian. Aurkezpena Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei eta ezagutzaren zabalkundean diharduten beste euskal eragileei zuzenduta egon da, eta zientziarentzat ikusgarritasun eta ospe sozial handiagoa izatearen garrantzia nabarmendu da bertan.

Perez Iglesiasek azpimarratu du "beharrezkoa" dela zientzia gizarte osoaren eskura dagoen ondasun publiko gisa sustatzea, eztabaida publikoetan eta prozesu demokratikoetan parte hartze kritikoa indartzeko.

Sailburuak nabarmendu du proiektuaren helburu nagusia zientzia espazio publikoan kokatzea dela, eta zenbait helburu espezifiko ere zehaztu ditu, hala nola kultura zientifikoa handitzea eta kulturaren arlokoak diren eta gizarte inpaktua duten zientzia gaiak gizarteari hurbiltzea, edota gizarteak ezagutza sortzeko eta hedatzeko prozesuetan parte hartzea bultzatzea.

Era berean, ezagutza gizartean zabaltzeko egiten diren jardueretan euskararen erabilera handiagoa bultzatzea, gai zientifikoen hedapen inklusiboa sustatzea, eta ezagutza eskuratzeko eta gozatzeko gizarte arrakalak murriztea dira beste xede espezifiko batzuk.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako Sailak lau eremuri dagozkien jarduerak bultzatuko ditu legegintzaldi honetan helburu horiek guztiak lortzeko: arau esparrua garatzea, eragileen gaitasunak indartzea, lankidetza bultzatzea eta ekimen berriak gauzatzea.

Horrela, asteazken honetan aurkeztutako ekintzen artean bi nabarmentzen dira: Jakindari aliantza eta Zientziaklik webgunea. Jakindari "Kultura Zientifikoaren aldeko erakundeen Aliantza" gisa aurkeztu da, eta bere helburu nagusia da erakundeek lurraldeko toki guztietara ezagutza zientifikoa hurbiltzeko egiten dituzten ahaleginak batzea, baterako jarduerak eta jardunbide egokien trukea sustatuz.

Perez Iglesiasen arabera, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak topaketak antolatuko ditu urtero aliantzako kideentzat, gizarte zabalkundeko proiektuak garatzeko laguntzak eskainiko ditu eta aliantzako kideen lanik onenak sarituko ditu.

Era berean, Zientziaklik aliantzako erakundeen dibulgazio jardueren eskaintza integratuko duen plataforma digitala ere aurkeztu da. Ekitaldi eta jarduera zientifikoen eskaintza herritarrek erraz ikustea eta eragileen arteko lankidetza sustatzea izango dira bere helburuak.