Osakidetzak bronkiolitis larria izateko arrisku handiena duten haurrak txertatuko ditu bigarren urtez jarraian, eta kanpaina astelehen honetan hasiko da, irailaren 16an, ospitaleratzeak %50 baino gehiago murriztea helburu.
Horregatik, osasun argintariek nabarmendu dute "garrantzitsua" dela familiek baiezkoa ematea Osasun Sailak eta Osakidetzak haien seme-alabak immunizatzeko egiten duten gonbidapenari, urtero 6.000 haurtxori baino gehiagori eragiten dien arnas gaixotasunaren aurrean.
Kanpainaren xede populazioa lau taldetan banatuta dago: Haur jaioberriak (aldi osoan jarriko diete txertoa, hau da, udazkenean eta neguan); uztailaren 1etik irailaren 15era bitarte jaiotakoak (irailaren 16tik urriaren erdialdera arte emango diete); 35 aste baino gutxiagoko haurdunaldiaren ondoren jaiotako goiztiarrak bizitzako lehen urtean; ni urtetik beherako haurtxoak, arnasketako, bihotzeko edota neurologiako gaixotasunen bat dutenak.
Bronkiolitis akutua arnas infekzioa da, eta batez ere bi urtetik beherako haurrei eragiten die. Hasieran katarroaren antzeko sintomekin agertzen da, hala nola mukiak, eztula edo sukarra, eta egun batzuten buruan beste sintoma batzuk ager daitezke, besteak beste, arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, elikaduran eragina duena.
Normalean, bronkiolitis akutua urritik martxora bitartean agertzen da gure inguruan, eta azarotik abendura bitarte izaten da intzidentziarik handiena. Kasu gehienetan bronkiolitis akutua larria izango ez bada ere, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako eta Larrialdietako Zerbitzuetako kontsultetan 6.000 kasu inguru artatzen dira urtero, eta 500 haur inguru ospitaleratzen dituzte, horietako %20 zainketa intentsiboetan. Erietxeratutakoen bi herenek sei hilabete baino gutxiago dituzte eta %50ek hiru hilabete baino gutxiago.
Iaztik, kolektibo hori immunizatzen da antigorputz monoklonal baten dosi bakar bat emanez (Nirsevimab); antigorputz horrek gutxienez bost hilabeteko babesa ematen du, gaixotasunari aurrea hartuz eta batez ere sintoma larriagoak saihestuz. Gure inguruan orain arte egindako azterketek eraginkortasun handia erakutsi dute, eta, hain zuzen ere, eraginkortasun horrek ospitaleratzeen kopuru orokorra erdira murrizten lagunduko duela espero da.