Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritza gune eta elikadura kate handietako salmentak %2,7 gehitu dira uztailean aurreko urteko hilabete beraren aldean, prezio konstanteetan. Ekainarekin alderatuta ere prezio konstanteetan egindako salmentak igo egin dira uztailean, baina apalago (%1,3), Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Sektoreka, ekainarekin alderatuta, uztaileko salmentak %0,9 igo dira elikaduran eta %2,2 gainerako produktuetan. Urte arteko aldian, berriz, prezio konstanteetako salmentak %3,1 igo dira elikaduran eta %2,1 gainerako produktuetan.
Saltoki eta elikadura kate handietako salmentek gora egin dute uztailean urte arteko prezio konstanteetan EAEko hiru lurralde historikoetan: %3,6 Bizkaian, %2,1 Gipuzkoan eta %0,5 Araban. Aurreko hilaren aldean, salmentak %2,1 igo dira Bizkaian, %1,2 Araban eta %0,1 Gipuzkoan.
Era berean, EAEko merkataritza gune eta elikadura kate handietako langile okupatuen kopurua %1,8 handitu da uztailean 2023ko hil beraren aldean, eta hilabete arteko datuei dagokienez indizeak ez du aldaketarik izan.
Bestalde, 2024ko lehenengo zazpi hilabeteetan metatutako aldian, salmentak %0,2 igo dira EAEko saltoki eta elikadura kate handietan. Lurraldeka, aldi horretako salmenten hazkundea %0,8koa izan da Gipuzkoan; Bizkaian, berriz, %0,1 jaitsi dira, eta Araban maila berean mantendu dira.
Azkenik, elikadura sektoreko salmenten urteko lehen zazpi hilabeteetako tasa metatua %0,7 igo da EAEn, eta gainerako produktuetan, aldiz, %0,8 jaitsi.