Asteazkenaren hasieran hodeiak ugariak izango dira oraindik eta euria egin dezake noizbehinka, batez ere iparraldean, Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren arabera.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, orduak pasa ahala atertu egingo du denean eta ostarteak zabalduz joango dira. Arratsaldean eguzkitsu geratuko da, zeruan goi-hodei batzuk agertu arren. Iparraldeko edo ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin arratsaldean barnealdean. Tenperatura maximoek behera egingo dute, baina Ebro ibarreko altuenek udakoak izaten jarraituko dute.
Bertatik azpimarratu dutenez, "zerua hodeitsu oso hodeitsu egongo da egunaren lehen zatian, bereziki Kantauri isurialdean; eguerditik aurrera hodeiak gutxituko dira eta arratsaldean zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua geratuko da, bereziki hegoaldean. Egunaren lehen zatian noizbehinka euri txikia egingo du, batez ere Kantauri isurialdean eta goizaldean eta goizean goiz; orduan zenbait lekutan zaparrada ertainak bota ditzake. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoak nahikoa edo nabarmen igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".
Eta bihar, zer?
Ostegunean, udako giro eguzkitsua. Hori bai, zerua ez da garbi egongo; goizean goi-hodei batzuk agertuko dira eta arratsalde-gau partean hegoaldean bero-hodeiak garatuko dira eta iparraldean behe-hodei batzuk ager daitezke. Goizean goiz hego-haizea nagusi, barnealdeko tenperatura maximoek gora egingo dute, zenbait lekutan nabarmen. Orduak pasa ahala haizea iparraldera aldatuz joango da, kostaldetik hasita; horregatik kostaldeko maximoek berdintsu jarraituko dute ziurrenik.