Aste honetan, ekainaren 6tik 9ra, nanogunek Ensemble 3 eta Attocube-rekin batera antolatu duen udako eskolak ongietorria emango die teknikei ahalik eta etekin handiena ateratzen ikasteko "irrikaz" dauden 70 parte-hartzaileei. 

“Nanoirudi optikoak hartzeko tresnak garatu genituenean (s-SNOM eta nano-FTIR), ez nuen pentsatzen halako aplikazio-potentzial handia izango zutenik”, adierazi zuen Rainer Hillenbrand Ikerbasque irakasleak, ikerketa-arlo horren bilakaerari buruz galdetutakoan.

s-SNOM eta nano-FTIR irudi optikoak hartzeko eta espektroskopiako tresna berdingabeak dira, eta nanoeskalako irudiak zein espektroskopia espektro-maila zabal batean egiteko aukera ematen dute, maiztasun ikusgaien eta terahertz-maiztasunen artean. Rainer Hillenbrand teknika horiek garatzen eta merkaturatzen parte hartu zuen ikertzaileetako bat da, eta fenomeno optikoen eta nanoeskalako materialen propietateen ikerketa esperimentalerako eremu berri bat ireki zuen. 2009an nangunerekin bat egin zuenetik, bere taldea tresna horiek garatzen eta aplikatzen aritu da, material berriak eta argiarekin lotutako fenomenoak eskala nanometrikoan aztertzeko. 

“Benetan zirraragarria da ikustea nola zuk garatu duzun teknika batek goitik behera alda dezakeen materialen nanoeskalako analisia”, adierazi zuen Hillenbrandek.

Adibidez, s-SNOMi esker lorpen handiak egin ziren argia eta erradiazio elektromagnetikoko beste forma batzuk 2D materialetan (grafenoan, esaterako) nola hedatzen diren ulertzeko.

“Argia zanpatu ahal izan dugu, material nanodimentsional horietara egokitu dadin, eta horietan nola jokatzen duen ikusi dugu. Horrek aukera berriak ireki ditu detektagailu, komunikazio edo sentsoreetarako gailu optoelektronikoak garatzeko» azaldu du ikertzaileak. Are gehiago, s-SNOM eta nano-FTIR tresnak nanoeskalarako mikroskopio kimikotzat har daitezke.

Eta ezaugarri horrek oso tresna interesgarri bihurtzen ditu materialen zientziaren arlorako. Aukera ematen dute hainbat elementu analizatzeko (sendagaiak, erdieroaleak, kutsaketak eta materialen korrosioa), bai eta katalisia aztertzeko ere.