Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta lasterketak zeharkatzen dituen Euskadiko udalek beren mugikortasuna planifikatzeko eskatu diete herritarrei uztailaren 1ean, 2an eta 3an, hainbat orduz izango diren murrizketa handiegatik.

Bilboren kasuan, murrizketak 28an hasiko dira, egun horretan hasten baitira helmugako eremua muntatzeko lanak.

Mozketek eta aldaketek aireportuetarako sarbideei ere eragingo diete, bai eta garraio publikoaren ibilbide eta geralekuei ere; beraz, herritarrei behar besteko aurrerapenaz informatzeko eskatzen zaie. Ibilbidetik eratorritako mugikortasun murrizpenei, Udako Irteera Operazioarekin eta Itsasarteko Pasabide Operazioarekin bat datozen datak gehitu behar zaizkie, Irungo mugari, AP-8ari, N-1ari eta AP-1ari bereziki eraginez.

Herritarrek Frantziako Tourraren errutometro ofizialak kontsulta ditzakete. Bertan Grand Départ Pays Basque 2023ko 3 etapek igaroko dituzten udalerrien zerrenda eta puntu kilometrikoak ikus daitezke. Informazio guzti hau Euskadiko irteera handiaren webgune ofizialean egongo da ikusgai (www.letour.euskadi.eus). Gainera, informazio guztia Waze aplikazioan kargatuko da laster. Bertan, ibilbide alternatiboak eskainiko dira kontsultatzen duenarentzat.

Hala, Euskadin aurrekaririk ez duen Segurtasuneko Plan integral bat da, Euskadiko segurtasun publikoan inplikatuta dauden euskal erakunde eta entitate guztien artean koordinatua: Ertzaintza, Tourraren hiru etapak zeharkatzen dituzten udal guztietako udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, hiru hiriburuetako eta hiru foru aldundietako larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak, Osakidetza, errepideak eta trafikoa kontrolatzeko talde instituzionalak, etab.

Operatibo orokorraz gain, aurkezpenean 2023ko Frantziako Tourraren etapetako baten irteera edo helmuga diren 4 udalerriek diseinatutako plan espezifikoak zehaztu dira: Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Amorebieta-Etxano eta Donostia.

"Euskal erakundeek hilabeteak daramatzate segurtasun-plan horiek diseinatzen, 2023ko Frantziako Tourraren antolakuntzarekin, Gendarmerie Nationale Française Frantziako Polizia Nazionalarekin, eta Garde Républicaine de France motor-gidariekin koordinatuta. Agente horiek ere parte hartuko dute egun horietan, agintaritza gorena Ertzaintzari dagokion segurtasun-planean", azpimarratu zuten aurkezpenean.

Kalkuluen arabera, Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek lasterketaren zirkuituko kaleak eta errepideak moztuko dituzte, gutxienez, ibilbidearen puntu bakoitzean proba egitea aurreikusita dagoen ordua baino 4 ordu lehenago. Izan ere, txirrindulariak irten baino 2 ordu lehenago, ibilbide beretik, animazioko karabana bat igaroko da. Karabana honek 30 minutuko iraupena izango du, eta, era berean, Ertzaintzak eta Gendarmerie Nationale Française Frantziako Polizia Nazionalak eskoltatuko dute. Ordu guzti horietan errepidea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat.