Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak atzo jakinarazi zuenez, 2023rako aurreikuspenen arabera, euskal enpresen I+Gko inbertsioa %7,2 haziko da 1.895 milioi euroko zifra errekorra lortu arte. Zentzu horretan, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia funtseko aliatua da ETE-entzat, irtenbide, tresna, jarduera, programa, itun… desberdinen bidez berrikuntza lortzeko. Horiek eta gehiago eskaintzen ditu Hazinnovak: berrikuntza-profilak, trebakuntza-saio ugari eta hainbat akordio administrazio eta entitateekin enpresa-sarea eraldatu eta jarduera berritzaileari laguntzeko.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Berrikuntzaren Euskal Agentziak gaur egun 902 erakunde elkartu ditu (erdiak enpresak) eta I+G arloko euskal inbertsioaren %63,07 dira. “Hausnarketak eta ekimenak funtsezkoak dira beraz berrikuntzan punta-puntan dabiltzan eskualdeekin Euskadik bateratasuna hobetzeko. Entitatearen egungo Plan Estrategikoaren baitan sektore aurreratuetako 349 ETE aholkatu dira berrikuntza-jardueren garapenean, 245 ETEk hartu dute parte I+G+b nazioartekotzeko jardueretan eta 219 eskolak Steam ekintzak garatu dituzte, belaunaldi berriek (batez ere, neskek) karrera zientifiko-teknologikoak egin ditzaten”, azaldu zuten bertatik. 2023 ekitaldiko jardueraren ardatz nagusia enpresa txiki eta ertainak dira eta enpresa horiek tresna berriak eskuratu ahal izango dituzte dagoeneko badagoen eskaintza indartzeko; bestetik, lineako plataforma berri bat jarriko da abian, berrikuntzan prestakuntza handiagoa, irmoagoa eta haien beharretara egokitua eskaintzeko. Gainera, berrikuntzako kasu praktikoen deialdi publiko bat plazaratuko da laster hautaketa bat identifikatu ahal izateko eta hori izan da Global Innovation Dayko edizio berriaren protagonista.