BILBO. PuntuEUS Fundazioak euskal komunitate linguistikoa interneten ordezkatzen duen .eus domeinua zabaltzeko kanpaina jarriko du martxan datorren asteartean, irailaren 15ean, #markatupuntueus goiburupean. Helburua da domeinua gizartean errotzea sarean geroz eta gehiago ikus dadin.
Dagoeneko 4.000 domeinutik gora daude erregistratuta, baina PuntuEUS Fundazioak ahalegin bat egin nahi du oraindik, domeinua eskuratu ez duten enpresak, establezimenduak, erakundeak edota kultur taldeak anima daitezen haren aldeko apustua egitera.
Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez, .eus domeinua erregistratzeko baldintza bakarra da webgunean edukien zati bat euskaraz izatea edota, euskaraz izan ez arren, euskarari edo euskal kulturari buruzko edukiak izatea.
Kanpainak gizarteari zera galdetzen dio: Zer marka nahi duzu .eus izatea? Erantzuna dutenek nahikoa dute markari, edozein euskarritan, argazkia atera eta sareratzearekin #markatupuntueus traola erabiliz. Kanpaina irailaren 15etik urriaren 15era egingo da.