Bilbao - Makina bat gazte egongo da zain, eta astelehenetik aurrera asetuko dira horien guztien gogo eta nahiak: badator ETB1eko Gu ta gutarrak programaren bosgarren aldia. Eta, betiko malko eta irribarreez gain, denboraldi berrian ez dira faltako ezusteak eta berrikuntzak. Gutarren arteko harremanak izango dira, hori bai, oinarri nagusi. Beraz, satorrak eta jatorrak, beste behin parez pare, euskal audientzia zirikatu guran. ETB1-en eta eitb.eus-en ikusi ahal izango da, astelehenetik aurrera eta 21:20ean.

Gutarrek Donostian egin zuten aurkezpena, herenegun, eta “sorpresa eta berrikuntza ugari” agindu zituzten. Hori bai, Julen Telleriak aurkeztutako saioak Gu ta Gutarrak-en “izate eta dinamikari” eutsiko diola agindu dute.

Hamar gaztek, 18tik 30 urtera bitartekoak, parte hartuko dute. Elkar ezagutuko dute, eta hainbat proba egingo dituzte bai platoan eta bai elkarrekin bizitzen egongo diren etxe batean. Euren helburua, lehiakide jatorrenaren izendapena lortzea izango da. “Ez dira faltako kuxkuxeroak gutarren inguruan duten iritzia emateko, ezta DJ Tirapu ere, une bakoi-tzari dagokion musika jartzeko”, esan dute programaren zuzendaritzatik.

Esan bezala, nobedade garrantzi-tsuak izango ditu Gu ta Gutarrak 5k. Esaterako, kuxkuxeroen artean bi kide berri egongo dira: Julen Hernandez youtuber donostiarra (@HolaJulen) eta Azkoitiko Iban Garcia (@despertavlogs). Hauek gutarrei erronkak proposatzeaz arduratuko dira, besteak beste.

Elkarbizitzak garrantzi handia izango du edizio honetan. Sorpresa izango da lehiakideentzat elkarrekin asteburu pasa joango diren lekua. Oraingoan, alde handia nabarituko da jatorren eta satorren egoeraren artean. Bosgarren aldia denez, garrantzi berezia izango du zenbakiak: bost neska eta bost mutil lehiatuko dira; platoan izango diren ezusteek bost zenbakiarekin zerikusia izango dute; platoan bost ate egongo dira, ate bakoitza kolore ezberdinekoa, eta bere funtzio eta esanahia izango du.