Getxoko Udalak (Bizkaia) Fadurako atletismo pistaren eta errugbi zelaiaren eta belodromoaren artean dagoen harmailen eraikina osorik berritzeko lanak hasi ditu astelehen honetan, kirol kluben lehiaketa denboraldia amaituta. Eraikin berriaren azalera egungoaren bikoitza izango da, 1.313 metro koadro izatetik 2.742 metro koadro izatera igaroko baita, eta guztira zazpi milioi euro pasatxoko inbertsioa egingo da 22 hilabete barru amaituta egongo den obrarako.

Getxoko Udalak jakinarazi duenez, eraikin berria modu parte hartzailean diseinatu da, tradizioz hura erabili izan duten kluben beharrak kontuan hartuta. Gimnasio bat, aldagelak eta biltegiak erabat berrituta dituen gunea, erabilera anitzeko aretoak eta kirol erakundeen kudeaketarako bulego espazioak izango ditu. Gainera, harmailen egungo estalkiaren ordez beste bat jarriko da, eta bere diseinuan kontuan hartu da kokalekua, eguraldi txarra dagoenean jendearen erosotasuna hobetzeko.

Obraren proiektuak igogailu bat ere barne hartzen du, eraikineko bi solairuen arteko irisgarritasuna bermatzeko, bai eta kirolarientzako eta jendearentzako sarrera bereiztuak ere. Horrela, sarbide kontrol bat egongo da, eta kirolariak atletismo pistara edo errugbi zelaira barruko pasillo batetik sartuko dira. Korridore horrek zuzenean komunikatuko ditu instalazioak aldagelen eremuarekin.

Thinking Fadurako testuinguruan diseinatu da eraikinaren eraberritzea eta handitzea. Fadurako kanpoaldea kirol parke publiko bihurtzeko eta instalazioak berritzeko Getxo Kirolak udal erakundeak abian duen prozesua da Thinking Fadura. Hori dela eta, modu koordinatuan lan egin da klub eta elkarteekin, obraren eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen eta kirol jarduera egin ahal izan dadin obrak iraungo duen bi urte inguruan.