Gasteizko Montehermoso Kulturuneak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak aurtengo deialdi bateratuko lau proiektuak aukeratu eta 2026an kultur zentroko Jovellanos aretoan erakutsiko dituzte: Cristina Souto Pitaren 'Mirar el agua', Alexia Cobo Sayazoren No le es dado a la dicha privarse de sus espinas, Lorena Aduna Larribaren Cuerpos de barro en movimiento eta Nerea Gundin Fragaren Encontrarse las partes.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak adierazi duenez, "hautatutako proiektuak erakusketa programaren barruan integratzean, Montehermoso Kulturuneak sortzaileen lanak ikusarazten laguntzen du, mundu profesionalera hurbiltzen dituen lan plataforma eskainiz. Aldi berean, artistek lotura zuzena ezartzen dute gizartearekin".

Proiektuak banaka aurkezteaz gain, artista bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu erakusketa prestatzeko, eta bakoitzaren katalogo bat ere osatuko da. Edizio honetan, lau erakusketen komisariotza Irene Ergueta kultur ikertzaile eta komisarioak egingo du.

EHUren eta Montehermoso Kulturunearen deialdi bateratuaren 13. edizioak 28 proiektu jaso ditu, eta Irene Ergueta ikertzaile eta arte komisarioak, Ismael Manterola EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak, Edurne Gonzalez EHUko Arte Ederren Fakultateko Kultura Hedapeneko dekanordeak eta Luis Mª Pascual Montehermoso Kulturuneko buruak osatu dute hautaketa batzordea.

Gasteizeko Udalak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren arloko azken joeren zabalkundea sustatzeko jarduerak garatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan dago deialdia, eta bere helburua da artistei beren etorkizun profesionalean landu beharko dituzten espazioa eta tresnak ematea.