AEKren Praktikatu zerbitzuaren 2024-2025 ikasturterako kanpaina martxan da jada, 'Euskara ZU zara' lelopean. Ekimenarekin, AEK-k euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi du, eta bereziki, mintzapraktika programetako parte hartzaileek duten egitekoa.

AEKren arabera, egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi diren guztiek osatzen dute euskaldunon komunitatea, "eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean, euskara gara denok".

Edorta Lopez Praktikatu zerbitzuaren koordinatzailearen hitzetan, "Mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez berri, ez hango, ez hemengo. Programen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko".

Horrela, datozen egunetan hasiko dira elkartzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak, ikasturte honetan 103 herritan. Aurten, gainera, egitasmo berriak abiatuko dira, hala nola mintzalaguna Lezon, berbalagun Artziniegan eta, lehen aldiz, gurasolagun programa Hernanin. Iparraldean, AEK-k mintzalagun taldeak abiatuko ditu Lapurdiko Itsasun, Baionan, Kanbon, Uztaritzen eta Hendaian.

Halaber, zerbitzuaren ekintza osagarrien inguruan, Lopezek esan du AEKren Praktikatu zerbitzuan jarraitu egingo dutela euskarazko aisialdia sustatzen ekintza osagarrien bidez. Joan den ikasturtean, esaterako, 500 jarduera baino gehiago antolatu ziren, besteak beste, tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak, udako ibiltaria eta Zilegi Asteak. Horrez gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak ere aurrera jarraituko du, elkarri hika hitz egiteko talde berriekin. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolas, txango eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek aukera izan dezaten euskaraz elkarrekin aritzeko. Azkenik, azaroan sareko taldeak ere abiatuko dira.