55 urte baino gehiagokoek ‘Ibilbideak natur inguruetan’ programaren denboraldi berriaz gozatzeko aukera izango dute. Udal Kirol Zerbitzuak udazkenerako 6 irteera antolatu ditu eta astearte eta ostegunero egingo dira, irailaren 24tik urriaren 10era bitarte. Natura maite dutenek irailaren 12tik aurrera izango dute izena emateko aukera. Irteera bakoitzean, gehienez, 100 toki egongo dira.

Besteak beste, irteerak Arabako natur parkeen inguruetara egingo dira: Valderejo edo Izki, Ihuda ibaiaren haitzartea, Santa Teodosia ermita ingurua Erroitegitik, Gipuzuriko Santa Isabel ermita Uribarri-Jauregin edo Santa Marina Marieta, besteak beste. Ibilbideak zailtasun mailaren arabera definituta daude eta zirkularrak edo linealak dira. Haien distantzia 7 eta 11 kilometro artekoa izango da. Ostegunetako irteerak asteartetakoak baino errazagoak dira.

“Ekimen honen helburua da 55 urte baino gehiagokoek gure inguruko paisaia naturalez gozatzen duten bitartean aktibo egoteko aukera izatea eta, aldi berean, gero beste ibilbide batzuk partekatu ahal izateko beste mendizale batzuk ezagutzeko aukera ematea”, azaldu du Kirol eta Osasun zinegotziak, Ana López de Uraldek. 

Izen-emateak irteera bakoitzaren aurreko eguneko 13:00ak arte egin ahal izango dira gizarte-etxeen sarean eta Udalaren kirol-instalazioetan. Udaleko kirol-instalazioetako harpidedunen kasuan, prezioa 2,55 eurokoa izango da; aldiz, harpidedunak ez direnek 4,05 euro ordaindu beharko dituzte.

Kanpainak garraio-zerbitzua biltzen du eta geralekuak Iparralde eta Judimendi gizarte-etxeetan eta Gasteiz hiribideko 18. zenbakian, epaitegien parean, izango dira. Irteera 08:30ean izango da, eta iritsiera-ordua, aldiz, 14:00etan.