CórrELA, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) duten pertsonen eta haien familien aldeko lasterketaren hirugarren edizioa, datorren igandean, irailaren 15ean, izango da Gasteizen. Ekimena ADELA Araba elkarteak sortutako proiektu solidarioa da eta gizartea sentsibilizatzea eta bere arreta-programetarako dirua biltzea dira bere helburu nagusiak.
Ekimenaren xehetasunak gaur goizean aurkeztu dira prentsaurreko batean, eta bertan izan dira Susana Alfonso Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendaria, Sara Calvo ADELA ARABAko presidenteak, Manuel Perea kaltetua eta Zuzendaritza Batzordeko kideak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak eta Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxako Gizarte Ekintzako arduradunak.
5 eta 10 kilometroko lasterketa egin daiteke, 1 km-ko martxa solidarioa du eta parte hartze inklusiborako espazio bat bermatuko du, aulki gurpildunak, joelette aulkiak, handbikeak edo antzekoak. Oraingoan, lasterketan parte hartuko dutenen artean, ‘12 hilabete, 12 maratoi’ erronkan murgilduta dabilen Raúl Pérez korrikalari solidarioa ere egongo da. Irteera Arka plazatik egingo da 10:30ean (dortsalak 9:00etatik aurrera banatuko dira) eta zirkuitua hirian igaroko da oso-osorik.
Era berean, jarduera paraleloak antolatu dira, hala nola haurrentzako tailerrak, zuzeneko musika, magia showak edo zumba masterklase bat. Parte-hartzaile ugari erakartzea da helburua, kirolari profesionalak nahiz familiak.
10 kilometro lasterketarako dortsalak 15 euroan eros daitezke, 5 kilometroko lasterketarako, 10 euroan eta kilometro bateko martxa solidariorako, 5 euroan. Zero dortsala ere eros daiteke 5 euroan. Dortsalen eta kilometro solidarioen salmentatik lortutako diru-bilketa guztia errehabilitazio-zerbitzuetarako, laguntza teknikoen erosketarako eta mailegurako, laguntza psikosozialerako, orientaziorako, laguntza emozionalerako eta gaixoentzako eta haien familientzako elkarri laguntzeko taldeetarako izango da.