Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltzaren inguruko sareko doako formakuntza saioa egingo du irailaren 25ean, edonori irekita, ospakizunaren inguruko ezagutzan sakontzeko asmoz. Josu Ozaita antroplogoak Gau Beltzaren jatorriaz hitz egingo du eta Mitxel Elortza irakasle eta idazlea, berriz, ospakizunaren inguruko balioez arituko da.

Saioa sarean izango da, irailaren 25eeko 18:30etik aurrera, eta parte hartu ahal izateko izen-ematea https://forms.gle/chW6HfGAwkrp5HPy5 estekan egin behar da, Euskaltzaleen Topagunetik jakinarazi dutenez.

Formakuntza saioa ez da hau 2024ko Gau Beltza sustatzeko Euskaltzaleen Topaguneak egingo duen ekimen bakarra, ospakizunaren inguruko zortzi bideo motz sortu berri baititu mugimendu euskaltzaleak, ospakizunak bere baitan biltzen dituen ezaugarri ezberdinak eta ospatzeko moduak ezagutzera emateko.

Bideo horiek guztiak Euskaltzaleen Topagunearen Youtubeko kanalean daude ikusgai (https://youtu.be/3zWqUeyTojw?si=inDJcEDXYFzP2puF), eta aurki jarriko dira https://gaubeltza.eus/ webgunean erabiltzaileek deskargatu ahal izateko.

Euskararen alde

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 200.000 euroko aurrekontu sail bat onartu du astearte honetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) lurralde eremuan euskal kultur ondare immateriala balioesten eta zabaltzen lagunduko duten proiektuak garatzen laguntzeko. Proiektuotan berez dagokion ondare materiala ere sartuko da.

Jaurlaritzaren arabera, XXI. mendeak "erronka berriak" ekarri dizkio kostalde, bailara eta mendietan urteetan zehar jasotako ondare kultural immaterialari. Alde batetik, gizartearen digitalizazioa ohiturak, erabilerak eta horien pertzepzioa "errotik" aldatzen ari da.