Enpresen % 72k uste du eraldaketa digitalak eta adimen artifizialak desgaitasunen bat duten pertsonen kontratazioa bultzatuko dutela. Hala ondorioztatzen da Adecco Fundazioaren Teknologia eta Desgaitasuna izeneko hamahirugarren txostenetik. Txosten horretan, planteamenduan etikaren, kulturaren, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren alorra aintzat hartzen duten aurrerapen teknologikoak aipatzen dira.

Hala, hamar enpresatik ia bederatzik aitortu dute digitalizazio-prozesu bat izan dutela pandemiaz geroztik, eta gehienek (% 72) uste dute eragin positiboa izango duela desgaitasuna duten pertsonen laneratzean, oztopo historikoak ezabatuta. Eraldaketa digitalaren testuinguruan, erakundeen % 41ek desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzea errazteko neurri espezifikoak ezarri ditu: % 85ek desgaitasun sentsoriala duten pertsonentzako teknologia eskuragarriak hartu ditu; % 32,5ek desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako egokitzapen teknologikoak txertatu ditu, eta % 13k desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako tresna teknologikoetan inbertitu du.

Beste datu batzuk

ldo horretan, konpainien % 75,6k zailtasunak ditu desgaitasuna duen talentua biltzeko, eta % 88,6k uste du gaitasun teknologikoa zubi bat izango litzatekeela erakundean hutsik dauden lanpostuak eskuratzeko. Hala ere, erakundeen eraldaketa digitalarekin eta pertsonen gaitasun teknologikoarekin batera, “kultura- eta antolaketa-aldaketa sakonagoa egin behar da, zuzendaritza-batzordeak sentsibilizatzeko eta konprometitzeko, lanpostuak sortzeaz gain, denboran iraunkorrak izan daitezen”, ziurtatu du Francisco Mesonero Adecco Fundazioko zuzendari nagusiak. Adituak azaldu duenez, teknologia eta adimen artifiziala bi bidetatik izan daitezke laneratzeko eragile: lehenik eta behin, eta ondo erabilita, berdintzaile handi bihurtzeko ahalmena dute, irisgarritasuna erraztuz eta hainbat motatako oztopoak ezabatzen edo minimizatzen dituzten egokitzapenak eskainiz.