Ertzaintzak 43 eta 49 urteko bi gizon atxilotu ditu Basaurin, agintaritzaren aurkako atentatua, ibilgailua lapurtzea eta kalteak eragitea egotzita. Atxilotuek auto bat lapurtu zuten, ibilgailu ofizialen aurka oldartu ziren eta alboko kalteak eragin zituzten auto partikular batean eta lonja bateko pertsianan, Ertzaintzaren arabera. Lau agentek min hartu zuten.

Ezbeharra gauerdian gertatu zen, Basauriko El Calero auzoan. Ordu horretan, herritar batek bi persona ibilgailu batekin derrapeak egiten ari zirela jakinarazi du.

"Bertaratutako agenteek autoa ikusi zuten irteerarik gabeko kalezulo batetik irtetera zihoala, eta bidea blokeatu zioten. Gidariak, agenteen aginduei jaramonik egin gabe, atzera-martxa egin zuen abiadura handian, eta kalte handiak eragin zituen lonja bateko atean. Jarraian, abiadura hartu zuen berriro, eta bidea ixten zion polizia-ibilgailuaren kontra jo zuen. Agenteetako batek bidetik alde egin behar izan zuen, ez harrapatzeko, eta besteak kolpe handia hartu zuen", azpimarratu zuten Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailetik.

Hasieran, ihes egin zuten

Talkaren ondoren, ibilgailuak ihes egin zuen, eta beste polizia-baliabide bat jo zuen, lankideei laguntzera zihoana, bai eta kalean aparkatuta zegoen hirugarren ibilgailu partikular baten aurka ere. Agenteek gidaria atxilotzen zuten bitartean, kopilotua jaitsi eta ihes egiten saiatu zen.

"Handik metro gutxira, pertsona hori ere atzeman eta atxilotu zuten. Biei ibilgailu motordunaren erabilera lapurtzea, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta kalteak egotzi dizkiete. Halaber, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat ere egotzi diote gidariari", gaineratu zuten Ertzaintzatik.

Atxilotuek aurrekari polizial ugari dituzte, eta datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera.