Euskotrenek zerbitzu berezia eskainiko du tranbian Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan abuztuaren 4tik 9ra bitartean. Eguneko eta gaueko errefortzuak egongo dira, baina zerbitzua noizbehinka etetea ere aurreikusten da, jai-ekitaldiak direla eta, sozietate publikoak jakinarazi duenez.

Abuztuaren 4an Zeledonen jaitsierarekin hasiko dira jaiak Arabako hiriburuan. Hori dela eta, tranbiaren zirkulazioa kendu egingo da Antso Jakituna-Angulema tartean, egunez zein gauez, abuztuaren 5eko goizeko zerbitzuan hasita. Ondoren, zerbitzua indartu egingo da 16:00etatik 23:00etara. Abetxukoko eta Ibaiondoko adarretan hamar minuturo zirkulatuko da, eta Salburuakoetan eta Unibertsitatekoetan, aldiz, 12 minuturo.

Abuztuaren 5eko 12:00etatik hurrengo eguneko 06:15 arte, zerbitzua eten egingo da Legebiltzarra-Angulema tartean, eta 12:00etatik 14:00etara indartu egingo da. Abetxukoko eta Ibaiondoko adarretan hamar minuturo zirkulatuko da, eta Salburuakoetan eta Unibertsitatekoetan, berriz, 12 minuturo.

Abuztuaren 6, 7, 8 eta 9an Legebiltzarraren eta Angulemaren arteko zerbitzua kendu egingo da 13:00etatik hurrengo eguneko 06:15 arte. Abuztuaren 4tik 9ra, gaueko zerbitzua eskainiko da 30 minuturo adar guztietan. Abuztuaren 9ko gaueko zerbitzua abuztuaren 10eko 04:30ean amaituko da. Sartzeko prozedura errazteko, Euskotrenek Bat/Barik/Mugi ordainketa-sistema gisa erabiltzea gomendatzen du.

Hala eta guztiz ere, Euskotrenek gomendatzen die bisitariei ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko, bai app ofizialean, bai www.euskotren.eus webgunearen bilatzailean. Informazio gehiago nahi izanez gero, erabiltzaileek 944 333 333 telefono zenbakia eta Twitterreko @euskotren kontua ere eskura dituzte.