Gipuzkoako Foru Aldundiak Ruper Ordorika musikari eta abeslari oñatiarrari emango dio aurtengo Abadia Saria, irailaren 12an Hendaiako (Lapurdi) Abadia jauregian egingo den ekitaldian. Kantagile oñatiarrak dagoeneko lau hamarkadaz euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana eta ekarpen joria aitortuko dute horrela.
"Bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz. Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari", nabarmendu du Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak.
Euskal kantu berriaren "lekukoa hartu" eta "eremu berrietara eraman" zuela adierazi du, 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen diskoetan. "Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu berri eman dizkio euskarari. Bakarka zein taldean, rocka nahiz kantu tradizionala uztartu ditu, nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkarlanean aritu da, literatura eta artearekiko zubiak landu ditu eta hainbat eta hainbat kultur ekimenetan parte hartu du", gaineratu du.
Argitaratu dituen "proposamen esanguratsu eta berritzaileek", nabarmendu ditu, eta lan guztien "sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera zaindu eta aberasteko erakutsitako pasioak" euskaldunon azken hamarkadetako "kultur erreferentzia nagusien" artean kokatu dutela.