Aztarna Beltza jaialdiaren VI. edizioa asteburu honetan izango da, uztailaren 26tik 28ra, Martin Tipia plazan eta Falerina lorategian. Ekitaldiak jatorri afroamerikarreko erritmoetan sakonduko du hainbat proposamenen bitartez: Osaka Monaurailren indarrarekin, Eunice Nina Simoneren abestiekin eta Mikel Makala eta Lidia Insausti Soulsystemen soularen eskutik. Horrez gain, Vulcanizadas, I Think Soul, Bubblin Soundsystem eta Lilibat Sound, Old Viejo, Pablo Solo, Los Misterios eta Elkano Browning Cream eta Kloy MC & Nead arituko dira.
Bestalde, Udaleko beste gai batzuekin jarraituz, BIZANeko osasun-parkeen erabiltzaileek hilabete pasatxoan hirian zehar egindako paseoetan bildutako hondakinak erakutsi dituzte. Sentsibilizazio-ekintza hau Plaza Berrian egin dute, ikasturte-amaiera dela eta. Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziak haien konpromisoa eskertu eta izan duten inplikazioa nabarmendu du, gero eta hiri hobea eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa izatea lortzen dutelako, eta, aldi berean, egoera fisikoa eta osasuna zaintzen dituztelako.
Udaletxeko atarian, BIZANeko osasun-parkeen erabiltzaileek udako oporren aurreko hitzordua aprobetxatu dute herritarrei erakusteko zenbat hondakin bildu duten ibilaldi osasungarrietan. Hondakinak pisatzea “plogging” jardueraren amaierako ekintza sinbolikoa izan da. Jarduera horrek izan dituen bost saioetako bakoitzean 50-70 pertsonak parte hartu dute. Plogginga aire zabaleko ariketa eta hondakinen bilketa uztartzen dituen kirol-jarduera da.