EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak 2020an jarri zuen martxan Adimen Artifizialeko Gradua, eta orain ikasketak amaitu dituzte lehen 25 gradudunek, adimen artifiziala gizartearen hainbat eremutan garatzen lagunduko duten profesionalak izateko.

Alexander Mendiburu Alberro EHUko Informatika Fakultateko dekanoak adierazi duenez, "duela ia 50 urte, gure fakultatea aitzindari izan zen informatika ikasketak eskaintzen, eta Adimen Artifizialeko Gradua sortuz bere lidergoa erakutsi du berriro ere".

"Azken lau hamarkadetan, ikastegiko irakasle-ikertzaileak lanean aritu dira adimen artifizialaren hainbat eremutan, hala nola hizkuntza naturalaren prozesamenduan, ordenagailu bidezko ikuspenean, ikaskuntza automatikoan edo robotikan. Horri esker, kalitatezko prestakuntza programa eskaini zaie ikasleei, aproposa haien karrera profesionala garatzeko etengabe hazten ari den arlo batean", azaldu du.

Gradu berria aitzindaria izan da Espainiako Estatuan eta helburutzat du profil profesional berriak prestatzea adimen artifizialean. Infomatika Fakultateko dekanoak gaineratu duenez, "profil horiek gai izango dira, adimen artifizialaren teknikak hainbat testuingurutan aplikatzeko ez ezik, hurbilketa berriak identifikatu, diseinatu eta garatzeko ere, balio erantsia eta ezagutza berriak sortuz hainbat sektoretan, hala nola biomedikuntzan, industrian edo hezkuntzan".

Nabarmendu du adimen artifiziala "gaur egun lehentasuna duen ikerketa, garapen eta berrikuntza arloa" dela nazioartean, eta "lagungarri" izango dela "arrakastaz heltzeko erronka sozial eta industrial berriei". "Zorionez, dagoeneko baditugu horretarako gure lehen gradudunak, etorkizunean beste promozio batzuk batuko zaizkienak", gaineratu du.