Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak antolatzen dituen udako lantegi irekiak hasiko dira asteartean, uztailaren 23an. 12 urtera bitarteko haurrek, heldu bat lagun dutela, egungo sorkuntzaren tresnekin esperientzia ludiko bat izateko pentsatuta daude lantegiak.

Lantegiak bi txandatan antolatu dira, uztaileko eta abuztuko azken hamabostaldietarako, eta gaia aldatu egingo da batetik bestera

Museoko iturriek jakinarazi dutenez, lantegiak bi txandatan antolatu dira, uztaileko eta abuztuko azken hamabostaldietarako, eta gaia aldatu egingo da batetik bestera (abuztukoak hilaren 20an hasiko dira). Asteartetik ostiralera izango dira, goizeko eta arratsaldeko saioetan, sarrera doakoa izango da, eta ez da erreserbarik egin beharko.

Aztarnak harrapatzen eta Oroitzapenaren espazioak izenburuekin, lantegiak museoko lorategiarekin eta Esther Ferrer, Ibon Aranberri eta Patricia Dauder artisten erakusketa eta artelanekin lotuta egongo dira.

Bada, udako lantegi irekien lehen txanda asteartean hasi eta abuztuaren 2an amaituko da. Aztarnak harrapatzen' izenburupean, jarduera museoko lorategian hasiko da, hosto bilketa batekin. Hosto horiekin, bi edo hiru dimentsiotako estanpazioak egingo dira ondoren hainbat teknika erabiliz, esate baterako, frottage, grabatu edo inprimaketa.

Lantegien bigarren zikloa, Oroitzapenaren espazioak izenburupean, abuztuaren 20tik 30era egingo da. Kasu honetan, parte hartzaileek iraganean bizitako tokiak ekarriko dituzte gogora, hango forma, usain eta koloreez oroitzeko. Abiapuntu horrekin, objektuak sortuko dituzte gero, denboraren joana islatzen saiatzeko.