Euskaltel Fundazioak antolatzen duen Euskal Encounter topaketaren 32. edizioa uztailaren 25etik 28ra ospatuko da Barakaldoko (Bizkaia) BECen, eta 4.000tik gora ordenagailu, 150etik gora jarduera eta 50 tailer eta hitzaldi baino gehiago eskainiko dizkie bertaratutakoei. Edizio honen ardatz nagusiak adimen artifiziala, 5G eta talentuaren kudeaketa izango dira.
Antolatzaileak pozik agertu dira zaleen harrerakin, "beste behin ere Euskal Encounter handi bilakatu dutelako". Espainiako Estatuko informatika topoaketa nagusia da, tamainari, parte hartzaile kopuruari zein ibilbideari dagokienez. Covid-19aren pandemiaz geroztik, bilkura pixkanaka hazten joan da eta dagoeneko hurbildu da pandemia aurreko zifretara.
Horrela, teknologia berriak gogoko dituzten milaka zalek hartuko dute parte ekimenean, eta 96 orduz 150 jarduera baino gehiagotan esku hartzeko aukera izango dute, hala nola prestakuntza ekintzak, jarduera solidarioak eta lehiaketak.
Opengunearen edizio honetan leku berezia izango du elkartasunak
Euskal Encounterren apustu nagusietakoa prestakuntza sustatzea da, eta aurten 50 tailer eta hitzaldi baino gehiago izango dira gaurkotasun teknologikoaren, adimen artifizialaren, 5Garen eta talentuaren kudeaketaren inguruan. Hitzaldiek beste gai batzuk ere jorratuko dituzte, hala nola programazioa, konputazio kuantikoa eta zibersegurtasuna.
Halaber, Opengunea publiko orokorrari irekitako eremua izango da aurten ere BECek. Bertan, informatikaren sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte, eta hitzaldiak eta tailerrak egingo dira doan. Aurtengo berrikuntza gisa, talentuaren topagunea izango da, 'Talent Corner' izenekoa, BBK Bootcamps ekimenaren eskutik.
Opengunearen edizio honetan leku berezia izango du elkartasunak, eta stand solidarioak jarriko dituzte Euskadiko Odol Emaileak, Mugarik gabeko Medikuak eta Haszten erakundeek eta hainbat sentsibilizazio ekintza egingo dituzte.
Horrela, Mugarik gabeko Medikuak erakundeak ihes-gela bat antolatu du ebolaren inguruan. Parte hartzaileek gaixotasunaren agerraldi bati lehenbailehen erantzun beharko diote, mediku talde baten azalean jarriz. Ebolaren tratamendurako zentro batean sartu beharko dute beren lankideei erreleboa emateko. Aurretik, baina, babesteko ekipamenduaren elementu guztiak aurkitu beharko dituzte, salbu egoteko eta gaixotasunaren aurkako borrokan kutsatzea saihesteko.