Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizonezko atxilotu ditu asteburuan zehar Arabako hiriburuan genero indarkeriaren esparruko delitu bana leporatuta, Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Lehenik, udaltzainek 38 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat gauean, bikotekideaeri erasotzeagatik. Larunbateko 01:00ak jotzear zirela, patruila bati Sansomendi auzora joateko eskatu zioten, emakume batek laguntza eskatu ondoren, bikotekideak eraso egin baitzion eta etxetik bota zuelako.

Biktimak bertaratutako agenteei esan zien bikotekidearekin eztabaida izan zuela, indarka hasi zirela eta gizonak jo egin zuela; emakumeak marka bat zuen masailalbo-hezurrean. Ondoren, patruila ustez gertakariak izan ziren etxera joan zen, eta, gizonaren eta lekuko baten bertsioa entzun ondoren, emakumearen bikotekidea atxilotu zuen.

Beste gertakizun batzuk

Bestalde, udaltzainek 24 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten igande gauean, genero indarkeriaren esparruan bikotekideari eraso egitea egotzita. Igandeko 00:45 aldera, udaltzaingoko patruila bati Arana auzoko etxebizitza batera joateko eskatu zioten, gizon bat emakume bati eraso egiten ari zelako.

Agenteak berehala iritsi ziren bertara eta bi aldeekin banan-banan hitz egin zuten.

Agenteak berehala iritsi ziren bertara eta bi aldeekin banan-banan hitz egin zuten. Antza denez, minutu batzuk lehenago, eztabaida bat izan zuten, eta gizonak bikotekideari eraso egin zion. Patruilak, gainera, etxebizitzako beste maizter batzuek kontatutakoa ere entzun zuen, eta, hori guztia eta biktimak zituen markak ikusita, ustezko erasotzailea atxilotu zuten.

Azkenik, Gasteizko Udaltzaingoko agenteek 31 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten igandean, emakume baten babes agindua urratzeagatik genero indarkeriaren eremuan.

Igandeko 15:30 inguruan, San Frantzisko kantoira polizia joatea eskatu zuten, emakume batek 092 telefonora deitu baitzuen esanez bikotekide ohia babes agindua urratzen ari zela eta Artium museoko plazan zegoela.

Patruila bat berehala bertaratu zen eta gizona aurkitu zuen, bai eta emakumea bera ere. Agenteek biekin hitz egin zuten, eta, esandakoak entzun eta epailearen agindua indarrean zegoela egiaztatu ondoren, gizona atxilotu zuten.