Gasteiz elkartasun- eta sentsibilizazio-urrats berri batean elkartuko da bihar, Arabako Esklerosi Anizkoitzaren aurka borrokatzeko. Bihar, hilak 3, 20:30etik aurrera Cazoo Baskonia eta Valencia Basket taldeek jokatuko duten Euroligako partida Aemar Arabako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen aldeko ekintza solidario berrirako esparrua izango da. Atsedenaldian, zozketa egingo da elkartearen egoitzan (Giza Eskubideen hiribidea, 37, behea) eta bihar Fernando Buesa Arena pabiloira sartzeko ateetan erosten diren txartel guztien artean . Txartelak bi euroan eskura daiteke, eta 6 txartel erosiz gero, 10 euroan.

Aemarrek antolatutako ekintza solidario honek Caixaren Gizarte Ekintzaren, 5+11 Fundazioaren, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du, eta Arabako herritarrei partidara joateko eta kanpainan parte hartzeko deia egiten die elkarteak.

Partidaren atsedenaldian notario aurrean egingo den sari zozketa batean datza 2006az geroztik egiten den ekitaldi hori. Sariak bidaia oparien bonuak eta Cazoo Baskoniarentzako abonuak dira, besteak beste. Saritutako txartelen zerrenda honako hauetan argitaratuko da: Aemar elkartearen www.asociacionaemar.com web orrian (bertan oinarriak eta xehetasunak ere kontsulta daitezke), Facebook-eko orrian (www.facebook.com/AemarAsociación) eta Baskoniaren web orrian (www.baskonia.com).

"Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologikoa da, gehienbat, heldu gazteei eragiten diena eta 20 eta 40 urtekoen artean diagnostikatu ohi dena. Gaixotasun kronikoa dugu, bizi kalitatea mugatzen duten ondorioak izan ditzakeena, eta, beraz, gizarte inpaktu handia duena. Gaixotasun honek gehiago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino", gogoratu du Arabako Foru Aldundiak.