Bilbo - Turismoaren hazkunde iraunkorra egonkortzen ari da erkidegoan. Urteko lehen zortzi hilabeteak aztertuz gero, %3,1 hazi da bisitarien kopurua 2018arekin alderatuta. Portzentaje are esanguratsuagoa da azken hiru urteak alderatuz gero, izan ere %15,75 hasi da turismoa Euskadin 2016tik. Gainera, balantzeak beste irakurketa bat egiteko parada eman du, udako hilabeteetako igoera txikiagoa izan denez gero, desestazionalizaziorako joera nabari baita.

Urtarriletik abuztura, guztira 2,5 milioi pertsonak bisitatu dute erkidegoa (abuztuko kanpinak eta aterpetxeak zenbatu gabe). 2018ko aldi beraren aldean, %3,1ekoa izan da hazkundea. Bestetik, tokiko turistak -Euskadin eta beste erkidegoetan bizi direnak- izan dira gehiago (%58) kanpoko turistak baino (%42). Bietan izan da hazkundea, nahiz eta handiagoa izan kanpoko turisten kasuan. Sonia Pérez Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eman zituen atzo datuak prentsaurreko batean.

Udari dagokionez, uztailean eta abuztuan 730.124 bisitari jaso ditu Euskadik, hotelak eta agroturismoak zenbatuz. Horietatik, %52 tokiko turistak izan dira eta %48 kanpoko turistak. “Esan daiteke oso uda egonkorra izan dela aurrekoaren aldean, %0,9ko hazkundearekin”, azaldu zuen Pérezek. Bestalde, batez besteko okupazioaren eta egonaldien zifrak antzekoak dira, %73 eta 2,23, hurrenez hurren.

Sailburuaren esanetan, hazkundea %4,2koa izan da urtarriletik ekainera; 0,9koa, berriz, uztaila eta abuztua artean. Azken hiru urteak batera aztertuz, urtarriletik ekainera %15,75 hazi da turismoa 2016tik; %5,24, ordea, uztailean eta abuztuan. “Hortaz, desestazionalizaziorako joera gertatzen ari dela esan dezakegu”, adierazi zuen Sonia Pérezek.

Zentzu horretan, hazten jarraitzeko aukera dagoela azpimarratu zuen. Izan ere, helmugetako turisten dentsitatea neurtzen duen Eurostaten arabera, Espania osoko batez bestekoaren oso azpitik kokatzen da Euskadi: 19 postuetatik 16an, 3,56ko intentsitatearekin. Espainiako batez bestekoa 10,1ekoa da eta Europakoa 6,1ekoa. “Gainera, biztanleko araututako alojamendu-plazen ratioan, Euskadi 16 postuan kokatzen da, 0,02 ratioarekin (Espainiaren batez bestekoa 0,07 da)”, nabarmendu zuen. - A. Araluzea

Gehienek, Bizkaian lo. Euskadira datozen turisten %46,5ek Bizkaian egiten dituzte ostatu-gauak, %40ek Gipuzkoan eta %13,5ek Araban. Tokiko turisten portzentaje handiena Arabak hartzen du (bisitarien %70), ondoren Bizkaiak (%58), eta, azkenik, Gipuzkoak (%53).

Hazkunde ezberdina. “Bizkaian eta Gipuzkoan ia hilabete guztietan mantendu bada ere, Araban behera egin dute hilabete batzuetan turisten sarrerak”, esan zuen sailburuak.