bilbo - NBEk eta Erresuma Batuko Unibertsitate eta Ikastegien Elkarteak sustatutako Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena sinatu du UPV/EHUk, modu honetan munduko beste unibertsitate batzuekin bat eginez. Ekimen horrekin bat egitean hurrengo konpromisoak hartzen ditu: karbono neutrala izatea 2030 urterako; unibertsitateko kideak ahalduntzea, aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko neurriak martxan jartzeko; aldaketa klimatikoari buruzko ikerketarako zein tekniketarako baliabideak mobilizatzea; unibertsitate campusetan ingurumen-hezkuntza eta iraunkortasunaren programak sortzen laguntzea; beste erakunde batzuekin aldaketa klimatikoaren inguruko ezagutzak partekatzea, erronka horren aurrean elkarlana bultzatuz.

Proposamena nazioarteko 7.000 erakundek ordezkatzen duten horretan, azpimarratzekoak dira Global Alliance, Second Nature edo Hezkuntza Iraunkorrerako Ekimena-ren parte-hartzeak. Bien bitartean, UPV/EHUk larrialdi klimatikoaren egoera ikusita, gobernu eta beste hezkuntza zentro batzuei ekimenaren parte izateko deia luzatu die, pertsonentzako eta planetarako etorkizun hobea ekarriko duten jarduera zehatzen aldeko apustua erakutsiz.

Aldaketaren beharraren harira kontzientzia barneratuta, Nazio Batuen Agenda 2030eko Garapen Iraunkorrerako 13. helburuarekin konpromisoa hartu du UPV/EHUk, Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 11n onartutako EHUagenda 2030ren bidez. Hamahirugarren helburu hori klima aldaketaren eta haren ondorioen aurka premiazko neurriak hartzean datza. Bide horretan, gizarte-erantzukizunaren aldeko apustua egiten dabil UPV/EHU. - U. Gonzalez