donostia - Haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko Mingaina Dantzan ekimenak bi urte lanean daramatzan horretan, proiektuaren fase berria aurkeztu zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hizkuntza gazteen artean indartzeko dinamika berriak 2017 eta 2018ko udetan aplikatutakoen ildotik joango dira. Izan ere, ikerketa sozionlinguistikoan oinarritutako proiektu honen bitartez, bi urtez euskara bultzatzeko estrategien eraginkortasuna aztertu da haur eta gazteen udalekuetan, ondorio eta irakaspen zehatzak ateraz. Egitasmo berriaren helmugak Zarautz, Hondarribia, Orio eta Segura izango dira.
“Mingaina Dantzan proiektuaren bidez aztertu nahi izan dugu zein- tzuk diren euskara haur eta gazteen artean sustatzeko estrategiarik eraginkorrenak. Bi urtez azterlan soziolinguistiko bat garatu zen Mundakan eta Berrizen antolatutako udaleku batzuetan. Eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, ikasitakoa aplikatu eta hedatu nahi dugu hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz”, azaldu zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkun- tza Politikako sailburuak, modu honetan proiektuaren nondik norakoak aztertuz.
2017an burututako lehendabiziko ekimenean erabilera altua zela ondorioztatu zen, eremu euskaldunetako gazteen presentziak era nabarmenean sustatzen zuelako euskararen erabilera. Gazte horiek egoera soziolinguistiko ezberdina duten eremuetakoak ziren, hala nola, Gasteiz, Barakaldo, Azpeitia, Oiartzun, Zumaia eta Gernikakoak, eta bat egin zuten Mundakako udaleku batean. 2018an, beste txanda bat gehitu zen, etxeko hizkuntzari jarraiki, bigarren talde bat osatuz. Eta bigarren honetan, parte hartzaileen gehiengo batek inoiz baino euskara gehiago erabili zuela aitortu zuen.
“Orain arteko esperientzia egoera baldintzatuetan egin da: egoera soziolinguistikoa edo etxeko hizkuntza kontuan hartu dira. Alabaina, irizpide horiek ezin dira orokortu: ezin dira EAEn udaleku gehienak horrelako irizpideekin antolatu. Aldiz, ohiko udalekuetan estrategiak ondo aplikatzea behar-beharrezkoa da, askotan euskararen erabilera bultzatzea baita udalekuen helburuetako bat”, aitortu zuen Miren Dobaran sailburuordeak.
Aurten garatzen ari den proiektuari dagokionez, ohiko udalekuetan estrategiak txertatzeko ahalegina egiten ari da. Horretarako, udaleku guztietako arduradun eta hezitzaileekin lan-saioak egin dira estrategiak eta prozedurak lantzeko. Gainera, Zarautzeko udalekuaren kasuan, koordinatzaile eta hezitzaileekin lan-saioak egin dira estrategiak programazioarekin lotzeko.
Azkenik, bi urte hauetan landutako estrategiak gida batean jaso dira. Honetan, euskara haur eta gazteen artean sustatzeko irizpide eraginkorrenak aurki daitezke.
Gazteak eta euskara. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da Mingaina Dantzan proiektuaren erronka nagusia. Atzo, egitasmo berria aurkeztu zen Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.
Gipuzkoa. 2017an eta 2018an Mundaka eta Berrizen antolatutako udalekuetan ateratako ondorioak izan ziren ikerketa soziolinguistikoaren oinarri. Aurten, lau herritara helduko da proiektua, eta laurak gipuzkoarrak dira: Hondarribia, Zarautz, Segura eta Orio.
Estrategiak, gidan. Azken urteotako lanak emaitza positiboak izan ditu. Horietara heltzeko estrategia eta bide eraginkorrenak kaleratu berri den doako gida batean aurki daitezke.