Bada Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan, berau aberastu eta berezi egiten duen Ikasgela bat. Trantsizio gela, hain zuzen ere.

Zer da Trantsizio Gela bat? Trantsizio Gelak ohiko ikastetxetan kokatzen diren ikasgelak dira eta hauen helburu nagusia HLBP (Hezkuntza Laguntzaren Berariazko Premiak) dituzten ikasle jakin batzuei hezkuntza erantzun egokia eskain-tzea da. Horretarako, testuinguru egituratu eta antolatu bat eskaintzen zaie eta aldi berean, ohiko ikastetxean egoteak dituen onurez baliatzen dira; gela arruntean sartu eta bertako lagun eta ikaskideekin harremantzea, besteak beste.

Hezkuntza Departamenduak eskainitako baliabideei esker, gure Trantsizio Gela 2014-2015 ikasturtean jarri genuen abian, baina hau lortzea ez zen erraza izan. Familiek eta ikastolako langileek lan handia egin behar izan zuten. Eta, lan honi esker, aurten 4. ikasturtean gaude.

Nola lortzen da benetako inklusioa? Ikasle bakoitzari bere garapen integrala lortzeko baliabideak eskain-tzen saiatzen gara; horregatik, egunerokotasunean aurrera egiteko tresnak (autonomia, hezkuntza emozionala) eta bere mailara egokitutako edukiak lantzeaz gain, beren erreferentzia gelako beste ikasle eta irakasleekiko lotura eta harremanak bilatzen ditugu. Modu honetan, arlo pertsonal eta akademikoaz gain, arlo soziala ere lantzen dugu.

? Ikasgela arruntean sartzea: ikastolako ekintzetan parte hartzeak eta ikasgela arruntean sartzeak berebiziko garrantzia du. Horregatik, Aitor, Izai, Nahia, Oihan eta Enaitzek, beraien erreferentzia gela dute, eta bertan, gainontzeko ikasleekin proiektu desberdinak burutzen dituzte. Eta ikasturte amaierako bidaietara ere beren erreferentziazko gelakoekin joaten dira, gainontzeko ikasleak bezalaxe gaua pasatu eta egoki-tzen zaizkien kanpo ekintzetan parte hartuz.

? Ikastolako ekintza guztietan parte hartzea: ikastolak ikasturtean zehar egiten dituen ekintza guztietan ere parte hartzen dute, hala nola, Santa Agedan, Olentzeroren festan, inauterietan, liburuaren egunean, korrika egunean, Karrakan (ikastolako jaialdia)...

? Lagunak programa: Ikastolako orduetatik kanpo Trantsizio Gelako ikasleen integrazioa herrietan jarrai-tzeko, aurreko ikasturtean, Lagunak programa martxan jarri genuen. Horretarako bere herriko lagunekin asteko bi egunez, ordu eta toki zehatz batean herrian elkartzen ziren. Honen jarraipena ikastolatik burutzen da, erreferentzia geletako ikasleekin bilduz eta behar zituzten baliabideak emanez. Emaitza oso positiboak lortu dira: TGko zenbait ikaslek herriko festetan lagunekin atorra egin, ihauterietan elkarrekin atera, gazte txokoan lagunekin jolastu? Aipatu behar da, proiektu hau aurrera eramateko, ikastolako guraso, PT, tutore eta orientatzailearen koordinazio lana ezinbestekoa izan dela.

? Trebetasun sozialak garatzea: modu bisual eta dinamiko batean bizitzan aurki ditzaketen egoera ezberdinak aurkezten zaizkie eta egoera hauetan aproposa den eta ez den jokabidea ondorioztatzen dute.

- Ekimen konkretuen bidez TG gelaren presentzia ikustaraztea: 2014-2015 ikasturtean eginiko “Denok berdinak denok ezberdinak” kanpainaren bitartez, edota Pirritx eta Porrotxen bideo lehiaketan parte hartuz?

Eta, zer diote familiek? Edozein familiak bezala, beraien seme-alaben garapenaren lekuko diren aldetik, oso pozik daude orain arte egindako bidearekin. Aitorren ama den Rosaren iritziz, “ume hauei aukerak ematen badizkiegu, nahiz eta gizarteak ezarritako erritmotan ez izan, bakoi-tza bere martxan, helburuak lortzen joango dira”. Bere ustez, “oso garran-tzitsua da ahalik eta baliabide gehien eskaintzea, bai baitakigu %100 aprobetxatzen dituztela, eta hor daude emaitzak”. Oihanen ama den Estiren iritziz, antolaketa honen onura garrantzitsu bat, beraien inklusio erreala gauzatzeko egiten diren ekimenetan dago. Baina Rosak bezala, Estik ere baliabide gehiagoren beharra ikusten du. “Sabai edo limite bat jarriko genuke edozein haurren garapenean? Jarri ditzagun ba behar diren baliabide guztiak gure ikasleen kasuan ere”. Izan ere, ikasle bakoitza ahalik eta denbora gehien egotea nahi badugu bere erreferentzia gelan, giza baliabideak handitzea ezinbestekoa da. Hala eta guztiz ere, ikastolan argi daukagu zein den bidea, horregatik, zailtasunak gaindituz, tinko jarraituko dugu benetako inklusioaren alde lan egiten.