elizondo - Txikiak Handi proiektua dela eta hasi zen Baztan Ikastolaren harremana kaxubiarrekin. Kaxubiarrak Poloniako ipar-erdialdeko Pomerania eskualdean bizi dira. Ezagutzen ez duzuenontzat, Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra da. Honen bidez, hizkuntza gutxituen normalizazioaren aldeko babesa lortzea da helburu.
Baztan Ikastolak 2015. urtean antolatutako Nafarroa Oinez geroztik egon da Kaxubiarrekin kontaktuan eta taldean egondakoetako bat gure ikastolako Miren Garmendia irakaslea izan da. Kaxubiarrak hirutan egon dira gurean; 2015eko martxoan, Nafarroa Oinezeko egunean eta 2016ko abenduan. Aurtengo irailean, Mirenek eta bertze taldekideetako bat den Maialenek bertara gerturatzeko aukera izan dute lehenengo Kaxubiar eskolaren irekiera ekitaldira, hain zuzen ere. Beraientzat izugarrizko aurrera pausoa izan da hau eta arras konten daude, baita gu ere.
Honengatik guztiagatik elkarrizketa txiki bat prestatu dugu 6. mailako ikasleek Mirenentzat.
Nola hasi zen harremana kaxubiarrekin?
-2015eko Nafarroa Oinezeko urtean Txikiak Handi taldetik hasi zen harreman hau. Taldekidetako bat Polonian zegoen lanean eta bere bidez hasi zen Kaxubiar lurraldeko lagunekin harremana. Urte guzian zehar elkar ezagutzeko hainbat proiektu egin genituen.
Urteak pasatu dira eta aurten bertara joatea erabaki duzue, nola sortu zen ideia?
-Bai. Aurtengo maiatza inguruan berri onak ailegatu zitzaizkigun handik: lehendabiziko eskola erekitzea erabaki zuten!! Izan ere, orain artio ez zegoen kaxubieraz ikasteko aukerarik. Handik gonbitea luzatu ziguten eta ilusio haundiz joan ginen Maialen Sobrino eta biak. Ikasturtea irailaren 4ean hasi zen eta irailaren 2an eskolako irekiera ekitaldia izan zen. Bi egun horietan han egoteko aukera izan genuen.
Zer moduzko esperientzia izan da?
-Arras aberasgarria izan zen; haiekin elkartzen garen aldiero bi hizkuntza ttikiak elkartzen ditugu eta solasaldi ederrak izaten ditugu. Guretako hunkigarria eta arras pollita izan zen momentu berezi hori han bizitzea. Horretaz gain, han pasatu genituen 4 egunetan lurraldea ezagutzeko aukera izan genuen: Gdnask hiria, itsaso Baltiko ikustera hurbildu ginen, kaxubiarrendako ohitura den besta bat ere ezagutu genuen eta hainbat herrixka bisitatu genituen.
Zer aurkitu zenuten han? Nolakoa da eskola? Zer eskaintzen dute?
-Ilusioz betetako irakasletaldea ikusi genuen. Poloniako hezkuntza sistema freskatu eta alderdi berriak landu nahi dituen eskola da “Naja Szkola”. Wejherowo hirian dago eta inguruko herrietako haurrak ere hartzen ditu. 4 gela daude, irratsaioak egiteko gela, jangela, erabilera-anitzeko gela eta denak elkartzen dituen espazio zentral bat ere badu. Poloniar kurrikulumak ezartzen dituen ohiko arloak dituzte; hauetatik erdia polonieraz eta bertze erdia kaxubieraz ikasten dituzte. Gainera, irratsaioak prestatu eta astero tarte bat hartzen dute kaxubieraz dagoen irrati bakarrean parte hartzeko, Radio Kaszëbë. Horretaz gain, Naja Szkolak apustu berezia egin du orain arteko poloniar metodologia pedagokikoa aldatzeko. Izan ere, hondar urte hauetan pedagogian izan diren aldaketak haundiak izan dira eta berek hau aldatzeko behar haundia ikusten dute. Eta horrekin batera, IKT-en erabilera sustatu nahi dute. Horregatik, Chromebook-ak (edo tabletak) dira ikasleen eguneroko lan egiteko material garrantzitsuenak.
Eskola irekita, zein da beraien hurrengo helburua?
-Hasiera guziak gogorrak dira; ez dute kaxubieraz idatzitako material didaktikorik eta inguruko familien jarrera aktiboa behar dute eskola aitzinerat ateratzeko. Lan egiteko gogotsu ikusi ditugu eta hau da, gure ustez, eskola aitzinerat eramateko erronkarik garrantzitsuenetakoa. Baztan Ikastolako lehendabiziko irakasle belaunaldiak kaxubiarrek bizitzen ari diren egoera berbera bizi izan zutela azaldu genien. Izan ere, Euskal Herrian duela 50 urte inguruko egoera berdintsuan daude gaur egun Kaxubian. 250.000 biztanle ditu lurraldeak, eta horietatik 108.000 dira kaxubiera hiztunak. Beraz, belaunaldi berriek beren hizkuntza propioan ikasteko aukera izatea arras garrantzitsua da aurrera-pausuak eman ahal izateko.
Hemendik aurrera, nola jarraituko duzue kontaktuan beraiekin?
-Hemendik aitzin Naja Szkolakoekin harremana izaten jarraitu nahi dugu; gure ikasleek eta hango ikasleek elkarren berri izan dezaten, gure bi hizkuntza ttikiak haundi egiten jarraitzeko. Teknologia berrien bidez elkarren berri badugu, bideoak eta korreo elektronikoak maiz igortzen ditugu.
Zure ustez, zertan aberasten gaitu horrelako proiektu batek?
-Hizkuntza ttikien garrantziaz ohartarazten lagundu gaitu. Eta, dudik gabe, hau da proiektu honek eman digun alderdi garrantzitsuena.